Handik hona

Jordan Faker: "Uste dut euskaldunek komunitatea apur bat hobea egiten dutela"

Idoia Aranbarri Arzuaga 2025ko ira. 29a, 08:08

Jordan Faker, astelehen arratsaldean, Bergarako Laino Skate Park atarian. (Argazkia: I.A.A.).

Duela bi urte eta erdi ezkero bizi da Bergaran Jordan Faker (Washington Estatua, Ameriketako Estatu Batuak, 1990), familiarekin. Apaiz protestantea da, eta jendea gehiago harritzen da lau-seme alaba dituela jakitean haren ogibideaz baino.

Neu ere harritu naiz apaiz protestantea zarela jakitean; zerk ekarri zaitu Bergarara?

Jainkoarekiko harremanetan lagundu eta Biblia irakasten diot jendeari. Horregatik etorri naiz hona. Jesusekiko fedeak itxaropena eta bakea eman dit mundua erortzen ari dela dirudien uneetan. Kulturak eta ohitura trukatzeak ere ekarri nau hona. Euskal kulturaz, bizitzaz eta historiaz ikasten ari naiz, nire bizitza eta esperientziak partekatzen ditudan bitartean. Itxaropena dut jendeak nik topatu dudan Jainkoarekiko maitasun bera aurkituko duela.

Nola garatuko duzu zure apaiz ibilbidea hemen?

Eliza protestante edo ebanjelikoak Euskal Herrian zehar ikustea gustatuko litzaidake. Ezagutzen ditut hemen ni bezalako beste batzuk, eta munduan zehar gauza bera egin nahi dutenak. Askotan azaltzen dut Eliza kuadrilla handi bat bezalakoa dela: elkar maite eta zaintzen duen jende taldea, baina hainbeste maite gaituen Jainkoa gurtzeko batzen gara. Gustatuko litzaidake jendeak nik Elizako komunitateari diodan itxaropen eta gozamen bera izatea.

Gaia aldatuta, zein zen zen Bergararekin izan zenuen lehendabiziko harremana?

Euskal Herrira egindako lehen bisita Errenteriara izan zen. 2014ko uztailean Euskal Herriko ikasle bat hartu zuen gure familiak. Summer in the USA izeneko programan hartu genuen parte. Programari esker, Euskal Herriko ikasle asko ezagutu genituen, eta tokiaz maitemindu ginen. Gure etxera etorritakoen artean zeuden bergararrak.

"Euskaraz hitz egin eta komunitateko ekitaldietan parte hartzeak asko lagundu digu"

Zer-nolakoa iruditu zitzaizun Bergara?

Zoragarria. Gure abantaila izan zen AEBetan ikasleak hartu izana, eta haien familiek familiako kide bat gehiago bezala hartu gintuzten. Oso ondo hartu gintuzten eta euskal kulturan sustraitutako tradizioak aurkeztu zizkiguten.

Erraza edo zaila izan zen hemengo bizitzara ohitzea?

Galdera zaila da. Alde batetik, oso erraza izan da, kultura eta leku berriak asko gustatzen zaizkigulako eta hemen adiskide onak ditugulako. Beste aldetik, zaila izan da, oso bestelakoa delako. Entzun dut jende askok zailtasunak dituela euskaldunekin harremanetan jartzeko, baina, egia esan, euskaraz hitz egiteak eta komunitateko ekitaldietan parte hartzeak asko lagundu digu.

Antzekotasunik badago Washingtonen eta Euskal Herriaren artean?

Eguraldia. Urteko egunik gehienetan euria egiten du.

"Badirudi euskal leloa 'lasai-lasai' dela; Amerikan bizitzaren erritmoa oso azkarra da"

Eta desberdintasunik?

Adibidez, ez da beharrezkoa autoa erabiltzea janaria erostera joateko edo haurrak eskolara eramateko. Halaber, egunero pertsona berberak ikustea, edo jendea lagunekin elkartzea tabernetan edo elkarteetan. Han, lanetik bueltan etxera joan eta familiarekin egotea da ohikoena. Uste dut euskaldunek komunitatea apur bat hobea egiten dutela.

Izan duzu aukerarik zure kultura bergararrekin partekatzeko?

Gure lagunei hango janari eta edariak erakustea gustatzen zaigu. Urtean behin Friendsgiving izeneko jaia egiten dugu; Thanksgiving, baina lagunekin. Indioilarra, patata purea eta postreak jaten ditugu, filmetan bezala. Udan gustatzen zait barbakoak egitea gure janaria prestatzeko: hanburgesak, oilaskoa edo hot dogak.

Bergaratik zer gustatzen zaizu?

Bizitzaren erritmoa. Badirudi euskal leloa lasai-lasai dela. Amerikan bizitzaren erritmoa oso azkarra da, eta komunitatearen zentzua galtzen da. Hemen, kuadrillei eta kultura-lotura indartsu bati esker, euskaldunak elkarrekin mantentzen dira.

Munduko egoera politikoaz zein iritzi daukazu?

Tamalez, giza historiak beti erakutsi dizkigu gerrak, borrokak eta mina. Uste dut Internetek mundu mailako albiste gehiago erakusten dizkigula; egunero ikusten ditugu bideo txikiak. Gure telefonoetan giza sufrimendu gehiago ikusten dugu aurreko belaunaldiek baino, eta uste dut ez gaudela prest halakoak ikusteko. Ahal dugun guztia egin behar dugu munduari laguntzeko. Zuzena denaren alde egin behar dugu.

AEBetara itzuliko zara?

Ez daukat galdera horren erantzunik. Bizitza osoa hemen igaro dezakedala ikusten dut, eta badakit itzuliko bagina gauza asko galduko nituzkeela. Oraingoz, hemen daude nire seme-alaben lagunak, gure lagunak, eta hemen egon nahi dugu. Sentitzen dut Jainkoak deitu gaituen lekuan gaudela.

Euskara gaztelania baino lehenago ikasteko hautua egin du Jordan Fakerrek

Dagoeneko euskaraz hitz egiten du Jordan Fakerrek: "Ez dut gaztelaniaz hitz egiten. Kafea eta janaria eskatzeko eta jendea agurtzeko adina dakit. Beti izan da gure asmoa euskara lehenengo ikastea; gero, gaztelania. Euskara ikasten ari naiz euskaldunekin komunikatu ahal izateko. Haien etxera eta lurretara etorri naiz, eta errespetua erakutsi nahi diet, hemengo hizkuntza ikasiz". Jaioterriaz eta Euskal Herriaz duen loturaz galdetuta, honako hau dio: "Amerikarekin lotuta sentitzen naiz han hazi nintzelako, familia eta lagunak dauzkat han, eta oroitzapen asko. Hemen ere gustura nago, egunero ikusten ditudan pertsonak baitira".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak