Bergarako EAJk ez du udal zergen eta tasen %3,5eko igoera onartuko

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko ira. 24a, 12:56

Bergarako EAJren udal taldea, artxiboko irudi batean.

Hilaren 29an, astelehenean, egingo da ordenantza fiskalen inguruko osoko bilkura, baina Udal Gobernuaren proposamenari uko egingo diola jakinarazi dute jeltzaleek, bestelako aukera batzuk zerrendatuta.

Bergarako EAJk, ohar baten bidez adierazi duenez, ez du 2026rako udal zergen eta tasen %3,5eko igoera onartuko, haren hitzetan, proposamen hori egin baitio Udal Gobernuak: "Ez dugu ontzat ematen; horrenbestez, jeltzaleen proposamena honako hau da: %2,5eko igoera".

Ondasun Higiezinen gaineko Zergak izan dituzte aipagai, batetik, jeltzaleek, proposamen bat eginda: "Trakzio mekanikoko ibilgailuetan, elektriko eta hibridoen kasuan: gaur egungo muga mantentzea –40.000-45.000 euro, bost urtean– eta bertako –alegia, Europako– ibilgailuen erosketa bultzatzea". Bestetik, zerbitzu publikoen eta aisialdiko jardueren tasak izan dituzte hizpide; esate baterako, Arin eguneko arreta zerbitzuko tasaren igoera %2,5ekoa izatea, "ez besterik"; eta hondakinen bilketaren tasari dagokionez, berriz, honako hau adierazi dute: "Bailarako zabor kontratuaren kostuak zergadun baliokidearen arabera banatzen dira, eta herri bakoitzari horren araberako kostua ezartzen zaio, bakoitzak duen kostu erreala ezarri beharrean. Bada, horixe da gure proposamena: Bergaran dugun zabor bilketa sistemaren kostu erreala ezagutzea, eta zergadun baliokide bakoitzak horren arabera ordaintzea". Horretarako, bi hilabeteko lanketa bat egitea proposatu dute, eta, behin kalkuluak eginda, "Bergarako zabor tasari dagokion jaitsiera" aplikatzea. "Hori dela eta, momentuz, aldaketarik ez egitea proposatzen da".

Horrez gain, azokako zerbitzuan, baserritarren postuetan, igoerarik ez aplikatzea planteatu dute, eta ezta establezimenduak irekitzeko lizentzietan ere. Are gehiago, udal igerilekuan eta udal euskaltegian ere ez dute igoerarik onartuko, eta ezta udaleku eta kirol campusetan ere: "Hala ere, datozen bi hilabetetan, aurrekontuak baino lehen, azterketa bat egitea proposatzen da. Horren helburua da astebete gehiago eskaintzea, 2026ko uztailaren 24ra arte. Kontziliazioaren, erantzunkidetasunaren eta haur eta nerabeen ongizatearen aldeko zerbitzuaren epeak berraztertzea proposatzen da. Horrek ordenantzetan eta baita aurrekontuetan ere eragina izango du; horregatik, lanketa lehenbailehen hastea proposatzen da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak