EAJko udaleko ordezkaritzaren arabera, "oso nabarmena" da azken urte hauetan herriko ekitaldi edota kultura agendaren "gainbehera". Seminarixoak zortzi urte beteko ditu abenduaren 24an eta programazioa ikusi besterik ez dago: zineaz haratago –zinea azpikontratatu egiten da– ez dago eskaintza erakargarririk eta finkorik".
Seminarixoko programazioak eredu zehatz bat jarraitzen ez duela ere salatu du EAJk: "Duela 8 urte, aretoak ateak ireki zituenean EAJrekin gobernuan, urteko programazio oso bat landu zen, ekintza desberdinekin eta adin tarte guztientzat. Patroi edo eredu bat osatu zen adin guztietako bergararrentzat kultur ekitaldiak, inor kanpoan gera ez zedin. Gainera, EAJren gobernu hartan, pertsona talde batez osatutako kultura departamentu sendo bat zegoen, Seminarixoaz gain herrian sortzen ziren ekitaldi eta beharrei aurre egiteko. EH Bildu Udal gobernuan sartu zenetik, kultura departamentuko baliabideak gutxitzen joan dira, eta ez dira langileak ordezkatu".
Gabezia horren ondorioak, EAJk dioenez, herriko hainbat eragile eta elkarte ari dira jasaten: "Herriko hainbat eragile gerturatu zaigu Udal gobernuarekin harremanetan jarri eta lanerako dituzten zailtasunak azalduz; taldeek diote murrizketak besterik ez dituztela. Ikusi besterik ez dago pasa diren sanmartinen programazioan falta izan diren urteroko ekitaldiak, besteak beste".
Mikel Lete bozeramaileak uste du "premiazkoa" dela egoerari buelta ematea: "Herriko kultura, zaindu, maitatu, babestu eta aberastu beharra daukagu, ez murriztu eta ahaztu. Gure ohiturak ez galtzea guri dagokigu. Premiazkoa da EH Bilduri eskatzea kultura departamentua indartu dezala baliabide pertsonal eta ekonomikoekin, gure herriko kulturak atzera egin ez dezan".