Dibulgazio zientifikoko "ekitaldi handienaren" lekuko izango da Bergarako Laboratorium

Jokin Bereziartua Lizarazu 2025ko ira. 19a, 12:40

Bergara "munduko zientzia-epizentro" bihurtuko da urriaren 3an eta 4an, 12. Jot Down Zientzia Sariak banatuko ditu-eta Elementu Kritikoak: Wolframetik Lur Arraroetara lelopean. 

Duela 242 urte wolframaren aurkikuntza ikusi zuen herriak historia zientifikoa egingo du berriz ere urriaren 3an eta 4an, bertan ospatuko baitira 2025eko XII. Jot Down Zientzia Sariak. Bergarako Laboratorium Museoa izango da ekitaldiaren egoitza nagusia. Espainiako dibulgatzaile zientifiko ospetsuenetako batzuk elkartuko dira bertan, eta omenaldia egingo diote Elhuyar anaiek 1783an aurkitutako elementu kimikoari. 

Aurrekaririk gabeko ekitaldi zientifikoa

Jot Down Zientzia Sariak ekitaldia Jot Down Magazine aldizkariak antolatzen du Donostia International Physics Centerrekin (DIPC), Canfranceko Lurpeko Laborategiarekin, Bergarako Laboratorium Museoarekin eta Sevillako Unibertsitatearekin batera. Estatu espainoleko dibulgazio zientifikoko ekitaldi garrantzitsuena da. "Bereziki zirraragarria da sari hauek Bergaran ematea, Euskadik munduko historiari egindako ekarpen zientifikorik handiena gertatu zen lekuan, alegia" azaldu du Rosa Errazkin Laboratorium Museoko zuzendariak. "Wolframaren aurkikuntza ez zen izan mugarri kimiko bat soilik, baizik eta betiko aldatu zuen teknologia modernoa".

Hona hemen egitaraua: 

Urriak 3, ostirala - Aurkitzaileen Eguna

Ekitaldia ostiralean hasiko da, historia eta abangoardia zientifikoa lotzen dituen programa batekin:

• 17:15 - Pascual Román Polo (EHU): Bergaran isolatutako wolframa eta nazioartean izan duen proiekzioa

• 17:50 - Inés Pellón (EHU): Bergarako Laboratorium Chemicum edo Laborategi Kimikoa, XVIII. mendean sortutako berrikuntza-eredu aitzindaria.

• 18:25 - Oskar González-Mendia (KimikArte): El tío Wolfram: Wolframa taula periodikoan

• 19:00 - Juan José Gómez Cadenas (DIPC) eta Rosario Raro: Wolframaren aldeko isilpeko gerra Canfranc-en

• 19:35 - Juan Manuel García Ruiz (DIPC): Kristalak eta lur arraroak

Urriak 4, larunbata - Berrikuntzaren Eguna

Enrique F. Borjak gidatuta, larunbateko jardunaldiak elementu kritikoen etorkizuneko aplikazioak izango ditu ardatz:

• 11:10 - Enrique Ascasibar (CIEMAT): Wolframa: elementu erabakigarria etorkizuneko energian

• 11:45 - Clara Grima (Sevillako Unibertsitatea): Con algoritmos y a lo loco  liburuaren aurkezpena

• 12:20 - Francisco J. Tapiador (UCLM): Klima eta lur arraroak

• 12:55 - Juan José Gómez Cadenas eta Panchulei: Un destello azul 

• 13:30 - Sari-banaketa ekitaldia lau kategorietan: Saiakera, Narratiba, Ilustrazioa eta Argazkigintza Zientifikoa.

Horrez gain, Bergarak "bete-betean" hartuko du parte ekitaldian, Bedelkar jaiarekin. 

Merkataritza- eta gastronomia-jarduerak:
• Pintxo-pote zientifikoa kalejirarekin (larunbata 13:00etatik 14:30era): Ibilbide gastronomikoa elementu kimikoetan inspiratutako pintxoekin, Bergarako Txistulari Bandaren kalejiraz alaituta.

• Wolfram goxoa: Ekitaldirako sortutako postre esklusiboa, hiru gozotegitan bakarrik eskura daitekeena.

• Erakusleihoen dekorazioa: Herriko saltokiek taula periodikoan oinarrituta apainduko dituzte erakusleihoak.

Arraskatu eta irabazi zientifikoa: 600 sari baino gehiago zozketatuko dira parte hartzen duten saltokietan erosten dutenen artean.

• Bedelkar Jaia (larunbata 18:30etik 21:30era, Irala kalea): Udalerriko merkataritzaren jaia: 2.000 euoko erosketa-bonuak, dantzarien emanaldia, musika eta pintxo-potea doan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak