Bergarako sanmartinak: jendez lasaiago aurten eta euria danborradan, baina zapore ona ahoan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2025ko ira. 19a, 10:50

Euriarekin ere, danborrada oso jendetsua; ez zen San Martinen heriotzaren errepresentaziorik egin.

Ez dira San Martin jai jendetsuenak izan, baina festa giroa izan da nagusi lau egunetan. Gazta onena Segurako Eneko Goibururena, barazki onena Eskubaratzakoa eta fruta onena Igorreko Urtza Sarrionandiarena. Bestalde, Xaxauk "indarkeriazko eraso bat" salatu du. 

Ez dira San Martin jai jendetsuenak izan eta 900 lagun batu zituen helduen danborradak zirimiria izan zuen bidelagun, baina horrek ez du bergararren aho zaporea garraztu; izan ere, festa giroa izan da nagusi irailaren 12tik 16ra. Osagai ederrak dituztelako sanmartinek: feria, herri bazkaria, dantza solte txapelketa, pintura lehiaketa, danborradak, sokamuturra, erraldoien konpartsa, musika emanaldiak...

Feria: lehiaketetako irabazleak

Lehen ekitaldi aipagarria feria izan ohi da. 29 postu izan dira aurten eta Katabiako tailerrek ere ez zuten hutsik egin; bereziki interesa piztu zuen umeen artean Erlantz Olabarria erlezainak emandako kandela tailerrak eta eztia erlauntzetik zuzenean dastatzeko aukerak. Feriaren ezinbesteko osagai dira gazta, barazki eta fruta lehiaketak.

Gazta lehiaketak sona handia dauka, gainera; hona hemen lehen hiru sarituak: Eneko Goiburu (Segura); Patxi Lope de Uralde (Larrea); eta La Leze (Ilarduia). Barazki lehiaketan, berriz, hiru sarituak izan ziren bergararrak: Eskubaratz, Mari Karmen Etxeberria eta Ane Gorosabel. Azkenik, fruta lehiaketan, honako hauek izan ziren sarituak: Urtza Sarrionandia (Igorre), Ezozi Etxebarria (Soraluze) eta Joxe Lonbide (Aramaio). Feria egunean bertan jokatu zen Moises Azpiazuren omenezko dantza solte txapelketa; zortzi bikotek hartu zuten parte eta Jone Arriaran eta German Aranburu azpeitiarrek irabazi zuten. Saioa Galarraga eta Julen Murgiondo bergararrak –aurreko bi edizioetako irabazleak– bigarren geratu ziren.

"Indarkeriazko eraso bat"

Xaxauk Muniben jarri ohi du txosna sanmartinetan, eta GOIENAri egindako balorazioan pozik agertu dira: "Ekintzak arrakastatsuak izan dira, orokorrean: Elikaenearen pintxo-potea, Gazte Asanbladaren herri bazkaria, kontzertuak, DJak, karro-poteoa, marrazki lehiaketa, chill-out-a... Primeran pasatu dugu! Gogotsu jarraitzen dugu jaiak herritik herriarentzat antolatzeko; Pentekosteetan ikusiko dugu berriz elkar, Bideberrin".

Hala ere, sare sozialetan salatu dute "indarkeriazko eraso bat" gertatu dela: "Jai hauetan txosnagunean indarkeriazko eraso bat izan da, desadostasun politikoak direla medio. Xaxau konpartsatik halako jarrerak guztiz gaitzesten ditugu. Guztiondako jai seguruak bermatzea gure helburu eta oinarrietako da eta horren aurrean beharrezko neurriak hartu dira. Txosnagunean pertsonak guztiak dira ongietorriak, baina ez jarrera guztiak".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak