Zuzendaritza berriarekin ekin dio denboraldi berriari Bergarako eskubaloi sailak

Jokin Bereziartua Lizarazu 2025ko ira. 20a, 09:12

Senior mailako nesken taldea, denboraldiaurreko partidu batean.

Josetxo Muniategiren osteko aroari ekiteko gogotsu dago eskubaloi taldearen gidaritzaz arduratuko den talde berria, nahiz eta senior mailako gizonezkoen bigarren taldea ez duten osatu, jokalari faltagatik. Nesken senior taldea egonkortzea da orain erronketako bat. 

Berezia izango da 2025-2026ko denboraldia Bergarako eskubaloi sailarentzat; ia 40 urtez klubeko arduradun izan zen Josetxo Muniategiren osteko aroaren lehen denboraldia. "Ezinezkoa da Josetxoren hutsunea ez nabaritzea; orain arte, hark egiten zituen lan gehienak: Federazioko kontuak, Udalarekin harremanak, kirol arloa, barne antolamendua... Ondoan geundenok lan batzuk egiten genituen, baina ez ginen ikuspegi osoaren jabe", dio zuzendaritza taldeko Gorka Ugaldek. Kadete eta gazte mailetakoek asteburu honetan ekingo diote ligari; senior mailakoek, berriz, irailaren 27an edo 28an.

Zuzendaritzako lanak banatzen

Hori bai, erreleboa bermatuta dagoela dio Ugaldek: "Kide berriak sartu dira, eta gogotsu gaude. Erantzukizunak banatuta daude, eta horrek, hasiera batean, lan batzuk non kokatu ezin asmatu arituko garela eragingo du, baina epe luzera hobea izango da taldearendako". Zuzendaritza berria honako kide hauek osatzen dute: Alatz Etxebarriarteun, Unai Alberdi, Iker Elizburu, Iosu Agirre, Joseba Elorza, Maddi Igarza, Mireia Sebal, Unai Orgaz, Urko Nogales, Ekain Sotil, Garikoitz Arregi, Unai Aperribay eta Gorka Ugalde bera: "Saiakerak egin ditugu emakumezkoak erakartzeko, eta, azkenean, bi animatu dira".

Hamaika gizonezkok eta bi emakumezkok osatzen dute gaur egungo zuzendaritza

Klub osorako joko-eredu bat

Denboraldi berrirako lehen erronka zuzendaritzaren berrantolaketa bera izango da. Emaitza aldetik, berriz, senior taldeetan igoera faseak jokatzea dute begiz jota. Horrez gain, harrobiko lanean sakondu gura dute, Ugalderen arabera: "Klub osorako joko-eredu bat sortu nahi dugu, erasorako zein defentsarako, talde guztiek antzera jokatu dezaten. Gainera, nahiko genuke jokalariak sistema horretako postu batera baino gehiagotara moldatzeko gaitasuna izatea".

Eskubaloi sailak zortzi talde izango ditu aurten: emakumez osatutako bost talde eta gizonezkoz osatutako hiru. Nesketan infantil mailako talde bat, kadete mailako bi, gazte mailako bat eta senior mailako talde bat izango dituzte. Mutiletan, berriz, infantil, gazte eta senior mailetako talde bana izango dute. Hain zuzen, gizonezkoen senior mailako bigarren taldea desagertu izana da aurtengo aldaketa nagusia: "Iaz, jokalari kopuru oso justuarekin aritu ziren bi taldeak, eta lesioak gertatzen zirenean erantzuteko gaitasun falta handia izan zen. Jokalarientzako sakrifizio handia zen astebururo bi partidu jokatu behar izatea hutsune horiek betetzeko; tartean, oso gazteak ziren jokalariekin. Aurten, gainera, jokalari kopurua are gehiago murriztu da; hori ikusita, talde bakarra osatzea erabaki da".

Senior mailako nesken taldea

Senior mailako nesken taldea atera izana pozgarria dela dio Ugaldek: "Urteak behar izan ditugu senior mailako emakumezkoen taldea ateratzeko; izan ere, azken urteetan asko hazi da emakumezkoen eskubaloia Bergaran, baina gazte mailatik senior mailara saltoa eman nahi zuten jokalariak beti izan ohi ziren gutxiegi taldea osatzeko... Iaz lortu zen taldea osatzea, nahiz eta jokalari gutxirekin izan, eta orain harrobiko neska horiek erreferenteak dituzte, eta, batez ere, aukerak, senior mailan jokatzen jarraitzeko".

Eskola kirolaren gaineko kezka

Bestetik, "oso kezkatuta" daude klubean eskola kirola (Ikus 5. orria) derrigorrezkoa izango ez dela eta: "Oso garrantzitsua da umearen garapen integrala bermatzeko multikirola derrigorrezkoa izatea, kirol bakarra lantzeak haien garapena erabat mugatzen baitu. Eskubaloi taldearen etorkizunera begira ere arduratzen gaitu; umeak erakartzea gero eta zailagoa egiten zaigu, eta ziur neurri horrekin are eta zailagoa egingo zaigula".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak