Eskola Kirolaren Herri Ituna sinatu dute Bergaran, orain arteko eredua indartzen jarraitzeko

Jokin Bereziartua Lizarazu 2025ko ira. 17a, 09:25

Eskola Kirolaren Herri Ituna sinatu osteko talde argazkia, Bergarako udaletxean. Argazkia: Bergarako Udala.

Bergarako lehen hezkuntzako ikastetxeek herriko kirol elkarteek eta Bergarako Udalak Eskola Kirolaren Herri Ituna sinatu dute, herriko haur eta nerabeen "garapen integrala eta osasuntsua" sustatzeko "helburu argiarekin". Bergaran azken urteetan garatu den askotariko kirol eredua indartzen jarraitzeko borondatea adierazi dute. 

Itun honen bidez, sinatzaileek konpromisoa hartu dute jarduera fisikoa eta kirol hezigarri, osasungarri eta berdinzale bat garatzeko, umeen interes gorena erdigunean jarriz. Bergaran azken urteetan garatu den askotariko kirol eredua indartzen jarraitzeko borondatea adierazi dute. Itunak honako puntu nagusi hauek jasotzen ditu:

  • Multikirol programaren babesa: 6 eta 12 urte bitarteko haurrek askotariko kirolak ezagutzeko eta esperientzia aberasgarriak bizitzeko aukera izango dute.
  • Herriko kirol elkarteen inplikazioa: Kirol eskolatan parte hartzen duten haurrek multikirolean parte hartzea lehenetsiko da, herri interes orokorraren alde eginez.
  • Udalaren babes instituzionala: Itunak Bergarako Udalean dauden alderdi guztien babesa du.

Ituna Bergarako kirol politikaren oinarri izango da hurrengo lau urteetan, eta urtez urte automatikoki luzatuko da, bestelako akordiorik hartzen ez bada. Bergarako Udaletik adierazi dutenez, kirola ez da helburua, baizik eta haurren interes gorena sustatzeko baliabidea. Horregatik, hastapen kirol politika ez da soilik kirol eragileekin eraikiko, baizik eta udaleko beste sail eta herriko bestelako eragileekin elkarlanean gauzatuko da.

Gorka Artola alkateak honako hau adierazi du: "Gogoratu behar dugu, kirol politika ez dela soilik kirol teknikoa. Gizarte zerbitzuak, Berdintasuna, Euskara, Hezkuntza… arlo guztiek dute zer esana eta zer egina. Horregatik, itun hau ez da kirol zerbitzuaren dokumentu bat bakarrik, baizik eta herriko politika publikoen arteko elkarlanerako tresna". Ituna sinatzeko ekitaldian parte hartu dute Bergarako Eskola Kirola kontseiluko ordezkariek eta herriko kirol elkarteek, eta bertan adierazi dute lanean jarraituko dutela haurren ongizatea eta garapen integrala bermatzeko, kirola baliabide hezigarri gisa ulertuta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak