900 parte-hartzaile danborradan, amaierako errepresentaziorik gabe

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko ira. 12a, 13:00

Sanmartinetako helduen danborrada, iaz. Irudia: Goiena.

Azken urteotako jendetsuena izango da helduen danborrada aurten; batik bat, gazteen kuadrillei esker. San Martinen heriotzaren errepresentazioa "modu duinean" egiteko, ordea, ez dute gutxieneko kopurua lortu. Ibilbidean aldaketa batzuk izango dira.

Helduen danborrada izan ohi da Bergarako sanmartinetako ekitaldirik jendetsuenetako bat, eta horrela izango da aurten ere, gorantz egiten baitabil kopurua urteek aurrera egin ahala. Hain zuzen ere, 900 parte-hartzaile arituko dira astelehenean, hilaren 15ean, Bergarako kaleetan zehar, 34 taldetan banatuta, 22:30ean hasita; danbor-joleak, barrika-joleak, sukaldariak eta Bergarako Musika Bandako kideak aterako dira.

Nagore Narbaizak, Bergarako Udaleko Parte-hartze teknikariak, adierazi du aurtengo danborrada agian ez dela inoizko jendetsuena izango, baina azken urteotakoa, behintzat, bai, gorantz egiten baitabil parte-hartzaileen kopurua urterik urte; eta, aldi berean, izaera gazteagoa hartzen. "Lehen, bestelako kutsu bat zuen, batik bat, elkarte gastronomikoek hartzen baitzuten parte, baina gaur egungo gazteak ez dira era horretara antolatzen; gero eta gehiago dira parte hartzeko gogotsu daudenak, eta kuadrillaka ematen dute izena". Aurten, esate baterako, 2007an jaiotako herritarren talde bat lehendabiziko aldiz arituko da danborradan, eta beste bi talderi ezezkoa eman behar izan die Udalak, 18 urte beteta ez edukitzeagatik, hori baita bete beharreko baldintzetako bat.

Egun, horrenbestez, gazteen kuadrillak dira nagusi danborradan, elkarte gastronomikoek eta herriko ikastetxeek ere – Ipintza BHI, Aranzadi Ikastola, San Martin Agirre Herri Eskola eta Mariaren Lagundia Ikastola– hutsik egiten ez duten arren; esaterako, iaztik hona ez du talde batek ere hutsik egingo danborradan. Gainera, elkarte gastronomikoen artean ere bada itzulera bat: "[Danborradaren] sorreran egon zirenetako talde bat da Umore Ona, baina utzi egin zioten parte-hartzeari une batean; edozelan ere, aurten berriro itzuliko dira, urteurren bat ospatzen baitabiltza. Barrikak joko dituzte".

Banda, aurten ere zuzenean

Musika Banda iaz aritu zen lehendabiziko aldiz musika zuzenean jotzen, euren falta sumatzen baitzuten herritarrek kalejiran, eta horrela izango da aurten ere: "Danbor-joleen talde bat aterako da lehendabizi, atzetik jarraituko dio bandak, eta ondoren barriken talde bat joango da. Bandak zuzenean jotzen duen bitartean egingo dute danborrada talde horiek. Ondoren abiatuko dira sukaldariak eta gainontzeko talde guztiak, megafoniarekin".

Bergarak martxa ugari ditu, eta urtero lau hautatzen dituzte danborradan jotzeko. Horietako bat, egunak agintzen duen eran, urtero errepikatzen den San Martin martxa da, eta aurten, horrez gain, beste hiru joko dituzte: Lagun artean, Aritzeta eta Umore Ona.

Ibilbidean zehar joko dituzte lau martxa horiek parte-hartzaileek, udal biltegitik hasi eta San Martin plazara iritsi arte, Masterrekatik, Bideberritik, Ibargaraitik, Ramon Maria Lilitik eta Bidekurutzetatik igarota. Aurten, gainera, aldaketak izango dira: Barrenkalean lanak egiten dabiltza, eta, horrenbestez, danborrada ezin izango da handik igaro; horren ordez, Bidekurutzeta izango da plazara iristeko bidea.

Errepresentaziorik ez

San Martinen heriotzaren errepresentaziorik ez da egingo aurten, horretarako jende nahikorik ez dutelako lortu. Valen Moñux bergararra eta bere lantaldea aritu dira lan horretan azken 12 urteotan, Udalaren arabera, baina jende kopuruak behera egin du urtez urte, eta aurten ez dute gutxienekoa lortu; hala, aurten ez egiteko hautua egin dute, eta baita aurrerantzean ardura horrekin ez jarraitzekoa ere, Maite Usabiaga Kultura zinegotziaren hitzetan: "Alde horretatik, urte hauetan guztietan eginiko lana eskertu nahiko genioke Valeni eta horretan aritu diren herritar guztiei".

Haurrena, martitzenean

Haurren danborradak hartuko dio lekukoa helduenari: martitzenean egingo da, hilaren 16an, 18:30ean hasita, eta helduek bezperan eginiko ibilbide berbera egingo dute. Ikastetxeetako ikasleek hartzen dute parte, batetik, baina ekintza "irekia eta librea" denez, badira bestelako haur eta gaztetxoak ere; hala, gutxi gorabehera, hirurehun parte-hartzaile izango direla aurreikusten du Udalak, Narbaizaren hitzetan.

Danborradan parte hartzen duten ikastetxeek rolak txandakatzen dituzte urtero, eta honako hauek izango dituzte aurten: San Martin Agirre Herri Eskolakoak japoniar danbor-joleak izango dira; Mariaren Lagundia Ikastolakoak, japoniar gudariak; eta Aranzadi Ikastolakoak, japoniar barrika-joleak eta herritarrak, karrozan joango diren berberak.

Haurren danborradan, helduenean bezalaxe, San Martin martxako doinuak izaten dira nagusi, eta baita Danbor txikiak ere, iaz estreinatu ostean bi martxa horiek urtero errepikatzeko erabakia hartu baitzuen Udalak. Hain zuzen ere, Pello Garitano bergararra hil zenean –2022ko ekainaren 18an hil zen–, haren omenez Musika Bandako zuzendari Enrike Txurrukak sortu zuen martxa, umeen danborradako "arimetako bat" zela iritzita.

Amaitzeko, txokolate-jana egingo dute parte-hartzaile guztiendako, udaletxeko arkupeetan, Aranzadi Ikastolaren eskutik, ardura txandakatzen baitute ikastetxeen artean urtero.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak