Gaur hasi eta martitzenera arte San Martin jaiak ospatuko dituzte bergararrek; ondo pasatu eta oporretako itzuleratik berreskuratutako errutina apurtzeko egunak izango dira. Jaietarako aurrekontu osoa 74.000 eurokoa da; 2024an baino ia 3.000 euro txikiagoa. Helduen danborrada izango da ekitaldi jendetsuena, baina egitarauak baditu beste hamaika ekintza.
Feria: 29 postu, eta hiru tailer
San Martin feria 09:30etik 14:00etara egongo da martxan Oxirondon. Aurten ez da iazko udal langileen grebak eragindako arazorik izan feria antolatzeko. 29 postu jarriko dituzte guztira; barazki eta frutak saltzeko zazpi postu eta bestelako askotariko produktuak saltzeko 22 postu. Besteak beste, honako produktu hauek erosteko aukera egongo da: ogia, gozoak, askotariko kontserbak, gazta, hestebeteak, foiea, eztia, haziak, fruta deshidratatua eta artisautza produktuak. Saltzaile gehienak Euskal Herrikoak izango dira, bailarakoak barne, baina badira Frantziatik eta Kantabriatik etorriko direnak ere. Eta, nola ez, Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatu ohi duen fruta, barazki eta gazta lehiaketarik ez da faltako; 13:30ean izango da sari banaketa.
Eta, ohitura denez, feriarekin batera Katabia izango da tailerretarako gunea. Jardun euskara elkarteak umeei zuzendutako sasoian sasoiko frutak eta barazkiak ezagutzeko tailerra antolatu du (11:00); Ekoudalatx mintegi ekologikoari esker sendabelarrekin eta olio begetalarekin egindako eztularen aurkako baltsamoa egiteko tailerra egongo da (12:00); eta, azkenik, Erlantz Olabarria erlezainak kandela tailerra eta erlauntzetik bertatik zuzenean eztia dastatzeko aukera eskainiko du (12:30).
Galarraga eta Murgiondo, gertu
Egitarauko beste klasikoetako bat da, zalantza barik, Moises Azpiazuren omenezko bikote nagusiendako dantza solte txapelketa. Bergarako Musika eta Dantza Eskolak antolatuta, Udalaren laguntzarekin, 40. aldia izango du aurten; 16 urtetik gorako bederatzi bikotek eman dute izena, eta faborito nagusietako bat izango da Bergarako bikote Saioa Galarraga eta Julen Murgiondo.
2024an, esaterako, irabazle izan ziren: "Entseguez gain, bospasei txapelketatan lehiatu dugu dagoeneko eta esan dezakegu gure maila onenetik gertu helduko garela Moises Azpiazuren omenezkora. Urtero bezala, bikote asko egongo dira irabazteko aukerak izango dituztenak. Hau da, aurten ere maila oso altua egongo da. Urduritasuna kontrolatu beharko dugu, beti da-eta berezia norberaren herrian dantzatzea. Beste txapelketa batzuetan etxekoak edo oso gertukoak etortzen dira baina Bergaran lagun eta ezagun asko egoten dira txapelketa jarraitzen".
Bikoteek fandangoa –Bergarako Txistulari Bandaren laguntzarekin– eta arin-arina –Edurne Iturbe eta Aitziber Estanga trikitilariekin– dantzatu beharko dituzte, eta aurkezpen saioa ere egin beharko dute, aintzat hartzen baita puntuazioan. Antton Mendizabalek, Arantxa Garinek eta Gabriel Alonsok osatuko dute epaimahaia, Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarrak izenduta, eta honako hauek dira sariak: lehendabiziko bikoteak garaikurra, txapela, zapia eta 200 euro eskuratuko ditu; bigarrenak, garaikurra eta 180 euro; eta hirugarrenak, azkenik, garaikurra eta 170 euro.
Bestalde, urteurren berezia egingo duen beste ekintza bat aire libreko Simon Arrieta pintura lehiaketa da; aurtengoa 50. aldia izango da.
Sokamuturra hilaren 16an
San Martin jaietako klasikoetako bat da sokamuturra, aurten irailaren 16an bakarrik egongo dena. Bergarako Zezenak ganadutegikoek Barrenkalean eta San Martin plazan askatuko dituzte bigantxak, 09:00etatik 10:15era. Aurten ere Udalak sokamuturra balkoitik ikusteko aukera eman die herritarrei, eta dagoeneko zozketa bidez aukeratu dira hilaren 16an balkoian egongo diren herritarrak –aukeratuek beste pertsona bat eraman ahalko dute–. Antolatzaileek gogora ekarri dute 16 urtetik beherakoek eta alkoholaren edo bestelako drogaren baten eraginpean daudenek debekatuta dutela sokamuturrean parte hartzea.
Bestalde, urte luzez sanmartinetan egin izan den beste ekintza bat da zapatu gaueko zezen-suzkoa. Duela urte batzuk berreskuratu ostean, aurten ere egingo da. Zapatuan 22:00etan irtengo da eta San Martin plaza, Bidekurutzetan eta Komenion zehar ibiliko da zezensuzkoa, umeen eta gaztetxoen gozamenerako. Udalak ez du bere gain hartuko ibilbidean dauden herritarrek izan ditzaketen kalteen erantzukizunik.
Autobusa, taxia eta arreta-gunea
Inguruko herrietatik datozen bisitariei begira zapatu gauerako eskatu dio Udalak Aldundiari gaueko autobus zerbitzu berezia. Herrigunetik kanpo bizi diren bergararrei begira, bestalde, auzo-taxi zerbitzua jarri du martxan Udalak. Angiozar, Ubera, Osintxu, Elorregi eta beste auzoetako bergararrek zerbitzua erabili nahi badute, Ibargarai kaleko taxi-geltokira joan beharko dute, edo, bestela, taxietako telefono-zenbakietara deitu beharko dute. Amaitzeko, eraso matxistei aurre egiteko arreta-gunea irailaren 15ean jarriko dute, Irizar jauregian, 22:00etatik 06:00etara (747 44 84 56). Hau da 24 orduz informazioa emateko telefonoa: 900 84 01 11.