Nahi baino baja gehiago eta fitxaketa gutxiago, baina gogotsu daude liga hasteko

Jokin Bereziartua Lizarazu 2025ko ira. 10a, 15:35

Ohorezko Erregional Mailako taldea gol bat ospatzen, iazko partidu batean.

Bergarako Ohorezko Erregional Mailako gizonezkoen taldeak irailaren 13an hasiko du liga, Elgoibarren aurka (Mintxeta, 17:00). Gorabehera handiak izan ditu taldeak, eta nahi baino baja gehiago eta fitxaketa gutxiago. Iker Ruiz de Larramendik laugarren urtea izango du jarraian lehen taldeko entrenatzaile, eta gogotsu dago ekiteko: "Oso pozik gaude gazteek orain arte erakutsi duten mailarekin". 

Bueltan da Ohorezko Erregional Mailako futbola. Bihar, irailak 13, Elgoibarren hasiko du (Mintxeta futbol zelaia, 17:00) 2025- 2026ko denboraldia BKEko gizonezkoen taldeak. Iker Ruiz de Larramendik jarraituko du entrenatzaile lanetan; gidari aldaketarik ez da izango, baina jokalarien artean hainbat gorabehera izan dira. "Futbola lagako dutenak, ikasketak kanpora egitera joango direnak eta beste talderen batek fitxatu dituenak zenbatuta, zortzi baja izango ditugu. Uda gorabeheratsua izan da, egia esan. Fitxaketa gehiago egin nahiko genituzke, baina, azkenean, ez dugu lortu. Edozelan ere, halako egoeretan beti egoten dira sorpresa positiboak; oso pozik gaude gazteek orain arteko lan-saioetan erakutsi duten mailarekin eta jarrerarekin", argitu du Ruiz de Larramendik.

Lehengaia badago lehiatzeko

Denboraldi berrira begirako helburuen artean zalantza gutxi ditu entrenatzaileak: "Goiko postuetan egoteko irtengo gara partiduz partidu, eta, behin goialdean bagaude, inongo konplexurik gabe joango gara mailaz igotzeko borrokan amestera. Badakigu oso zaila dela, azken urteetan ez gara onenekin ibili, baina badugu lehengaia lehiatzeko. Gurea ahalik eta ondoen egitea dagokigu; aste barruan ondo lan egin eta asteburuz asteburu ondo egindako lan hori futbol zelaian islatu. Gero, helduko dira emaitzak".

Lanak ondo eginda

Denboraldiaurrean egindako lanarekin pozik dago Ruiz de Larramendi: "Taldearen bizkarrezurra edo oinarria mantendu egin dugu; hori oso garrantzitsua da taldean sartzen joan diren jokalarientzat. Uztailean zazpi edo zortzi entrenamendu egin genituen, elkar ezagutzeko eta ideia berrien inguruan berba egiteko, eta abuztuaren 20an itzuli ginen lanera. Ordutik hainbat lan-saio egin eta sei lagunarteko jokatu ditugu, eta esango nuke lanak ondo eginda heltzen gara ligako lehen partidura".

Bergararrek Elgoibar izango dute lehen aurkaria, etxetik kanpo. Iaz elgoibartarrak ez ziren fin ibili, baina azken jardunaldietako esprintean askorik sufritu barik eutsi zioten mailari. "Ez dakit taldea asko aldatu den edo ez, baina ligako lehen partidua eta euren etxean izanda, ez da erronka erraza izango".

Neskak, astebete geroago

Ohorezko Erregional Mailako emakumezko taldea Lander Ugartek eta Manolo Ortizek gidatuko dute. Oporren ostean, abuztuaren 22an bueltatu ziren lanera, eta ordutik bi lagunarteko jokatu dituzte. Denboraldi berria irailaren 20an edo 21ean hasiko dute; diotenez, "gogotsu eta ilusioz" daude liga berriari ekiteko.

2025-2026 denboraldiko taldea

•⁠  ⁠Ekhi Basterra
•⁠  ⁠Markel Bengoa
•⁠  ⁠Aner Tudanca
•⁠  ⁠Markel Gisasola
•⁠  ⁠Mikel Molina
•⁠  ⁠Markel Arrieta
•⁠  ⁠Luken Arriola
•⁠  ⁠Aitor Urteaga
•⁠  ⁠Martxel Arriaran
•⁠  ⁠Oier Ugalde
•⁠  ⁠Iker Aguilar
•⁠  ⁠Iker Etxaniz
•⁠  ⁠Alain Ayastui
•⁠  ⁠Ibai Leizeaga
•⁠  ⁠Oier Jauregi
•⁠  ⁠Urko Barrutia
•⁠  ⁠Asier Oñederra
•⁠  ⁠Mikel Carmona
•⁠  ⁠Aner Arriola
•⁠  ⁠Martxel Olabarrieta
•⁠  ⁠Julen Garmendia

Bajak:
•⁠  ⁠Ibai Arabaolaza
•⁠  ⁠Mikel Moñux
•⁠  ⁠Mikel Azkarate
•⁠  ⁠Martin Azpiazu
•⁠  ⁠Ander Garmendia
•⁠  ⁠Iosu Bouzon
•⁠  ⁠Ibai Aguero
•⁠  ⁠Unax Zanguitu

Fitxaketak:
•⁠  ⁠Markel Bengoa
•⁠  ⁠Iker Aguilar

Igo diren gazteak:
•⁠  ⁠Markel Arrieta
•⁠  ⁠Aitor Urteaga
•⁠  ⁠Alain Ayastui
•⁠  ⁠Mikel Carmona
•⁠  ⁠Asier Oñederra

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak