"Datozen asteetan" udal eraikinetan bost instalazio fotovoltaiko jarriko dituela iragarri du Udal Gobernuak asteon. Honako bost udal eraikin hauetan jarriko dituzte eguzki plakak: Labegaraieta kiroldegia, Martinez de Irala eraikina, Oxirondo azoka, Angiozarko frontoia eta Osintxuko pilotalekua. Esku-hartze horrekin "energia berriztagarrien aldeko apustua" berretsi egiten duela adierazi dute; instalazioen hornidura eta martxan jartzeko lehiaketa publikoa esleituta dago, eta lizitazioaren oinarria 561.169 eurokoa da –BEZa barne–. Inbertsio horiek Energiaren Euskal Erakundeak (EVE) diruz lagunduko ditu, batez beste %85eko laguntza emanda.
561.169 eurokoa da inbertsioa, eta Euskal Energia Erakundeak (EEE-EVE) %85ean lagunduko du
Berriztagarrietan sakondu
Instalazio berriek guztira 370.655 kilowatt sortuko dituzte urtean, eta Labegaraietan jarrita dauden eguzki plaka zaharrak gehituta, kopurua urteko 450.655 kilowattera igoko da. Horrela, 2024tik 2026ra energia berriztagarrien bidez Udalaren energia kontsumoaren %10,75 asetzea aurreikusten da. 2030ra bitartekoa da plangintza, eta datozen bost urteetan energia berriztagarriekin %38,04ko estaldura lortzea espero dute. Hain zuzen ere, 4/2019 Jasangarritasun Energetikoaren Legea eta 1/2024 Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Legea bete nahi dute; hau da, 2016ko kontsumoaren aldean %35eko murrizketa lortzea eta kontsumoaren %32 adinako energia sortzeko gaitasuna izatea.
Gorka Artola alkateak bide horretan aurrerapausoak ematen jarraituko dutela dio: "Jasangarritasun klimatikoaren eta Udalaren baliabideen kudeaketa jasangarriaren aldeko neurriak dira hauek, erregai fosilen kontsumoaren beherakadarekin batera, bergararron dirua aurreztuko dugulako era berean. Gobernu talde honetan argi daukagu energia berriztagarrien aldeko apustuan sakonduko dugula". Udalak 681.000 euroko konpromiso ekonomikoa hartu zuen 2025etik 2027ra, 2024ko azaroko osoko bilkuran. 2023tik 2027ra arteko agintaldian1.300.000 euro inguruko inbertsioa egingo da arlo horretan.
Berenerren plakak eskolan
Berener energia berriztagarrien kooperatibako bazkide laguntzailea da Udala. Kooperatibak uztailean amaitu zituen San Martin eskolako teilatuan 510 watteko 196 eguzki plaka jartzeko lanak; bazkide egiteko aukera badago oraindik: berener. eus/bazkidetu.