1974an ospatu zen lehenengoz Simon Arrieta margolari bergararraren izena daraman lehiaketa, hura hil eta bost urtera. Ortxinga taldeak bultzatutako ekimena izan zela ekarri du gogora Xabier Agirrek, Bearteko kideak: "Garai hartan, taldetxo bat ibiltzen ginen Mutriku, Laudio eta Artziniegako aire libreko lehiaketetan parte hartzen; hortaz, ezagutzen genuen herri haietako antolatzaileek egiten zuten lana. Ortxingakook Promocion Cultural Bergaresa elkarteari aipatu genion ondo egongo zela halako sariketa bat egitea herrian, ekintza kultural bezala polita eta garrantzitsua izan zitekeelako".
Hala, lehenengo edizio hura "oso arrakastatsua" izan zen, 80 lagunek hartu baitzuten parte; horietako 22, bergararrak. "Garai hartan egarri kultural handia geneukan, baina egia da, baita ere, herrian oso ohituta geundela Migel Okina edota Simon Arrieta bera, gure maisuak izandakoak, kalean margotzen ikustera. Bergara pintoreen herria izan da eta", dio Agirrek.
Hori horrela, nobedadea urteroko ohitura bilakatu zen, noizbait antolatu ez bazen ere. Eta, gaur egun, errekonozimendua duen sariketa da Simon Arrieta, "hutsik egiten ez duten margolariak" jaso eta "sari duinak" banatzen dituena.
Hain zuzen, irabazleak 1.000 euro jasoko ditu, bigarrenak 800 eta hirugarrenak 600. Horrez gain, herriko margolari onenak ere jasoko du saria. Gainera, margolari guztien lanak Aroztegi aretoan egongo dira ikusgai, irailaren 19tik 28ra, iazko formula errepikatuta: "Duela pare bat urtera arte, udaletxeko osoko bilkuren aretoan jartzen genituen, baina, jende gehiago erakartzeko asmoz, Aroztegira lekualdatu genituen iaz, eta asmatu egin genuen, asko pasa baitziren erakusketa-aretotik".
Estrategia, gako
Parte hartzaileak domekan, hilak 14, agertuko dira Santa Marinako elizpean, 08:30etik 11:00etara. Antolatzaileek herriko plano bat banatuko diete, eliza hori eta San Pedro azpimarratuta, Agirreren hitzetan, eremua mugatzeko: "Artistak elkarrengandik hurbil samar egonda, paseatzera irteten direnek ikusi ahalko dute bakoitzaren prozesua nolakoa den, zer-nolako baliabideak erabiltzen dituen".
Izan ere, 13:30 aldera entregatu beharko dituzte koadroak, eta atzerako kontaketa horren baitan, garrantzitsua izango da norbere estrategia. Horren harira, zera gaineratu du Agirrek: "Aire ageriko lehiaketetako partaideei pinturaren ezpatari edo mosketari ere deitzen zaie, teknika azkar eta zehatzak erabili behar dituztelako".
Ezpatari onenen berri 15:00etan emango dute, udaletxean.