Badago zerekin gozatu Xaxauren txosnagunean

Hasier Larrea 2025ko ira. 11a, 17:00

Munibe plaza ekitaldiz betetako topalekua izango da ostiral, larunbat eta eta astelehenean. Bertako produktuekin osatutako pintxo-potearekin irekiko du txosna Xaxau konpartsak, eta kontzertuekin, jolasekin eta herri bazkariarekin jarraituko dute.

Hamabosgarren urtemuga gozoa bizi izaten ari da Xaxau konpartsa, eta sanmartinen atarian ere berehala igarri dute bergararren babesa. "Txanda guztiak azkar batean bete dira; hala, egunero boluntario-lana egingo dute hainbat herritarrek. Hori guretzat oso inportantea da, herritik eta herriarentzako sortutako konpartsa baikara", azaldu du Andoni Etxezarretak.

Horri eskerrak, egitarau txukuna atondu dute, beste behin. Bihar, ostirala, 19:00etan irekiko dute Munibe plazako txosna, eta ordu erdira abiaraziko dute pintxo-potea, Elikaenearekin elkarlanean. Jaietan pintxo-potea egitea berria ez izan arren, berezia izango dela adierazi du Xaxauko kideak: "Izan ere, aurten Oxirondo azokako egitasmoaren eskutik egingo dugu. Iaz abiatutako proiektua da eta gogoa geneukan haiekin batera zerbait egiteko. Hortaz, sasoiko produktuekin jaki diferenteak prestatzea adostu genuen, pintxo-potean banatzeko".

Gaueko kontzertuak Donostiako Indaba eta Bergarako Lemak taldeek girotuko dituzte, eta ostean hartuko diete lekukoa DJ Hirukiek eta Niko eta Tinak.

Olinpiadak, atzeratuta

Zapatuko lehen ekintza gazte olinpiadak izango zirela iragarri arren, aste honetan bertan behera laga behar izan dute ekimena, besteak beste, "logistika arazoengatik". Hala ere, datorren urteko jairen batean programatzen saiatuko direla aurreratu du Xaxauk.

Pikerik gabe, biharko egunak gozatzeko modukoa izateko osagaiak dauzka: Gazte Asanbladak antolatutako herri bazkaria; karro-poteoa; Enbata Lorade, Maskak eta Olgetan erromeriaren kontzertua; eta, ginga bezala, Bittori's Secretz herriko DJaren emanaldia. Eta San Martin egunaren bezperan, astelehenean, jolasak izango dira nagusi, Chill out tropikaleko linbo, koktel eta ahate jokoarekin (19:00), eta balukoi txapelketarekin (00:30).

Bukatzeko, 02:00etan, Xaxauren santu propioa, Nas Martin, berpiztuko dute, eta DJ Xauxauk jarriko du musika.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak