Gazte gara gazte

Nagore Osa: "Oso garrantzitsua da sare sozialetan euskaraz aritzea"

Julen Murua Mesonero 2025ko ira. 5a, 13:00

Batxilergoko bigarren mailako ikasketak hasiko ditu laster Nagore Osa Cagiaok (Bergara, 2008), hiru hilabeteko oporraldia igaro eta gero. Kazetari izatea da haren etorkizuneko asmoa, baina interpretazioaren mundua ere oso gustuko du.

Nahikoa aprobetxatu duzu uda?

Inoizko luzeena izan da, hiru hilabeteko oporrak izan ditut eta. Ekainean herriko jaiak izan genituen, eta ostean Euskal Herriko hainbat herritako jaietan izan naiz. Asko gustatzen zait parranda giroa eta euskal jai herrikoietan laguntzea; Herritik, herriarendako leloa jarraitzea, alegia. Gidabaimena ateratzen eta lanean ere ibili naiz.

Badakizu datorren urtean zer ikasi nahi duzun?

Kazetaritzako gradua ikastea gustatuko litzaidake, Bilbon. Asko gustatzen zait sare sozialen mundua eta erreportajeak grabatzea. Bigarren aukera bezala daukat Ikus-entzunezko Komunikazio gradua, baina kamera aurreko lana lehenesten dut.

Irlandan egin zenuen ikasturte bat; nolako esperientzia izan zen?

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako laugarren mailan egon nintzen han, eta sekulako esperientzia izan zen. Neure burua gehiago ezagutzeko eta benetan zer gustatzen zaidan jakiteko aukera izan nuen, eta, noski, baita ingelesa lantzeko ere.

Sare sozialetan ikusi zaitugu sarritan; kamera aurrean aritzea gustuko duzu?

Tiktok eta Youtube sare sozialetan ibiltzen naiz gehien, eta gustatuko litzaidake kamera aurrean aritzea. Asko gustatzen zaidan mundua da, eta lan horretan gehiago sakontzea ere gustatuko litzaidake.

Nolako garrantzia du edukiak euskaraz argitaratzeak?

Euskarazko edukia argitaratzea eta kontsumitzea oso garrantzitsua da. Herri txiki bat gara, baina guztion artean lor dezakegu gure lurraldeari ikusgarritasuna ematea. Sare sozialak dira gaur egungo tresna erabilienetakoak, baina, aldi berean, sinpleenak, eta gazteak hor euskaraz aritzea garrantzitsua da.

Sekula jaso duzu kamera aurrean jarduteko ikastarorik?

Lehen Hezkuntzako hirugarren mailan hasi nintzen interpretazio eskolak jasotzen, Bergaran. Handik Arrasatera joan nintzen, eta gaur egun, interpretazio arloa profesionalizatzeko Donostiako eskola baten dihardut ikasten. Betidanik gustatu zaidan mundu bat da, eta formakuntza oso garrantzitsua iruditzen zait arlo horretan.

Antzerki mundutik bideratu gurako zenuke etorkizuna?

Horretan aritzea gustatuko litzaidake, eta hortik ere badator kamera aurrean ibiltzearen zaletasuna. Kazetaritzan lan egiten ikusten dut neure burua, baina baita antzerkietan parte hartzen ere.

 

MOTZEAN

Janari gustukoena? Makarroiak txorizoarekin.

Bergarako zer jai? Ezingo nuke bat aukeratu.

Abesti bat? Mirua taldearen Morroxko.

Bidaiatzeko toki bat? Dublin (Irlanda).

Superbotere bat? Edozein hizkuntza hitz egitea edo teleportatzea.

Bergarako toki bat? Arrano taberna.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak