Kartzela zaharreko Angiolillo liburutegiak gaur ekingo dio 17. denboraldiari, Bilboko Deustuko gaztetxean sortutako Gilkitxaro antzerki taldearen Alperrak, tunanteak eta maleanteak izeneko antzezlanarekin. Gaur, irailak 5, 22:30ean hasiko da emanaldia, eta sarrera bost euro ordaindu beharko da; 35 bat minutu irauten du.
Lege frankista bat oinarri
Antzezlanaren izenburuak frankismo garaiko Alferren eta gaizkileen legea izenekoa du oinarri. Lege horretatik abiatuta, Pili, Mili eta Willi inurriak izango dira obrako protagonista; gizaki izan nahi duten inurriak dira, baina inurritegitik irten ostean, espero ez duten mundu bat aurkituko dute. Ane Zabala, Galder Perez eta Aitor Garcia de Vicuña dira obra barregarri horretako antzezleak. "Izaera naziko lege hark edozein pertsona disidente, arraro, eskale, homosexual edota helbide finkorik gabea espetxera bidaltzea ahalbidetzen zuen; kasuistika zeharo zabala eta zehaztugabea zen. Horrela bisitatu zituzten estatuko hotelak eta kontzentrazio-esparruak milaka eta milaka gizaki errugabek", diote Gilkitxarokoek.
Ikusleengandik gertu
Ezohiko antzerki espazioetara egokitzen den obra da Alperrak, tunanteak eta maleanteak, ia soinu zein argiztapen baliabiderik erabili barik eta protagonista dituen inurriak ikusleengandik ahalik eta gertuen egon daitezen. Galder Perezek eta Ane Zabalak euren ohiko estiloan ekin diote gaiari, ohikoa duten tonu azido-eferbeszentean eta krudelkerietan ia sartu gabe. Hala ere, kontu askotarako baliatzen dute frankismoko lege beltz hura, eta inurri itxurarekin azalduko dira agertokian, mono beltzetan sartuta eta antena argidunak buruan; horrela gogoratuko dute, besteak beste, intsektu langileen produktibitatea, eta kontrastea sortuko dute alferren eta gaizkileen portaera ustez gaitzesgarriarekin. 1993an Deustuko gaztetxean sortu zen Gilkitxaro antzerki taldetik Ane Zabala eta Galder Perez dira kide egonkor bezala geratu direnak, baina gaur kartzela zaharrean ikusi ahalko den antzezlanerako Aitor Garcia de Vicuña musikari gasteiztarra izango dute ondoan.