Beste urte batez kaleratuko du Bergarako Udalak egutegia, eta oraingoan ere herritarrek bidalitako argazkiekin ilustratuko dute. Aurtengoan, baina gaia librea izango da, eta baina zenbait baldintza hartu beharko dituzte kontutan egileek.
Parte-hartzaileek Bergaran jaiotakoak edo bertan bizi direnak izan beharko dute, eta argazkiak Bergaran ateratakoa edo Bergararekin lotutako motiboren bat izan beharko du. Hala, egile bakoitzak gehienez ere, 25 argazki bidali ahal izango ditu. Argazkien formatua ere zehaztu dute: 20 x 30 zentimetroko tamaina, 300 ppp-ko bereizmena eta JPG formatua. Argazkiek horizontalak izan beharko dute; nahiz eta argazki bertikalez osatutako multzo horizontalak onartuko dituzten.
Aurkezteko epea
Irailaren 25erako aurkeztu beharko dira argazkiak. Artxibo digitalak CD edo USB batean aurkeztuz gero, Bergarako Udaleko Euskara Zerbitzuan entregatu beharko dira. Bestela, euskara@bergara.eus helbidera bidali daitezke; artxibo handien kasuan www.tori.eus, WeTransfer edo antzeko plataformak erabili ahal izango dira.
Halaber, aukeratutako argazkien egileek ordainsaria jasoko dute, eta lan horiek Udal Artxibategian jasota geldituko dira. Aurreratu dutenez, Udalak argazkiak erabiltzeko aukera izango du, betiere, egilearen izena aipatuz. Parte hartzaileen ardura izango da aurkeztutako argazkiekin lotutako baimen guztiak eskuratzea. Aurkezten diren argazkien artean aukeraketa egiteko, Udalak izendatutako lantalde batek egingo du hautaketa.