Hamarkada bat bete du Bergarako Laboratorium Museoak zientziaren dibulgazioa sustatzen, eta irailaren 26an egingo du 10. urteurreneko festa. 10 urte zientziari ateak zabaltzen lelopean, egingo dute ospakizuna. Museotik adierazi dute horixe izan dela hasieratik museoaren helburu nagusi; "gizarteari eta herritarrei zientziaren unibertsorako ateak parez pare zabaltzea. Azken batean, zientzia gizarteari hurbiltzea eta gizartea zientzian murgiltzea".
Ospakizunaren egitaraua
Irailaren 26a, egubakoitza, egingo dute festa museoko instalazioetan, eta doako bisita gidatuak, tailerrak, erakustaldiak, foodtruck-ak eta dantza bertikaleko ikuskizuna izango dira.
Museoko bisita gidatuak egingo dituzte, 45 minutukoak, 20 laguneko taldetan. 11:00etan, 13:00etan, 17:00etan eta 19:00etan izango dira euskaraz. Gaztelaniaz, berriz, 12:00etan, 16:00etan eta 18:00etan.
Bestalde, Gamer txokoa jarriko dute eta 17:30ean eta 18:30ean bideo-jokoetan aritzeko aukera izango dute 11 eta 14 urte bitarteko gaztetxoek. Plaza mugatuak dira eta izena ematea beharrezkoa da. 17:30ean, berriz, publiko orokorrari zuzendutako ikuskizun zientifikoa eskainiko dute.
Arratsaldean zehar foodtruck-ak jarriko dituzte, eta hauxe izango da arratsaldeko egitarua:
- 19:30-21:30 Txantona Garrote DJ. Ainhoa eta Ander bergararrek Txanton(a) Garrote eszenatokira igo zen momentuan inspiratutako musika sesioa eskainiko dute, museoa eta zientzia herrira gerturatzeko. Rocketik jazzera, souletik eta funketik igarotako erritmoekin, nahasketa paregabe batekin girotuko dute Errekalde parkea.
- 21:30 Wasabi Produccions-ek museoaren 10. urteurrenerako sortutako bideo-mapping ikuskizuna.
- 21:50 Geure(R)a dantza bertikaleko ikuskizuna, Harrobi Dantza Bertikala konpainiaren eskutik. Naturaren, poesiaren, dantzaren eta bideo mapping-aren arteko elkarrizketa planteatzen du. Juantxo Zeberioren musikak, Toti Martinez de Lezearen bertsoek eta Paco Gramajeren proiekzio animatuek aberastu egiten dute hiru dantzarik egindako koreografia esekia.
- 22:20 Wasabi Produccions-ek sortutako bideo mapping-aren bigarren emanaldia
- 22:30-23:15 Txantona Garrote DJ. Egun berezi honen itxiera.
Bergara, 2025eko Jot Down sarien egoitza
Urriaren 3ko eta 4ko asteburuan, zientzia-dibulgazioko Jot Down sarien 12. edizioaren egoitza izango da Bergara. Lau modalitate dituen sariketa da: argazkigintza, ilustrazioa, saiakera eta narratiba. Wolframari eta lur arraroiei eskainitako edizioa izango da. Laboratoriumetik jakinarazi dute, egitarauaren barruan sariak banatzeaz gain, hitzaldiak, mahai-inguruak eta liburu-aurkezpenak egingo dituzte Jot Down kultura-aldizkariaren ohiko kolaboratzaileek eta maila goreneko zientzialari eta dibulgatzaileek. Jarduera osagarriak ere egongo dira helduendako, haurrendako eta familiendako.
Donostia International Physics Center (DIPC) zentroa, Canfranck-eko Lurrazpiko Laborategiak (LSC) eta Bergarako Laboratorium Museoa dira babesle, Sevillako Unibertsitatearen, Jot Down-en, Mercurio aldizkariaren eta Nextdoor Publisher argitaletxearekin lankidetzarekin.