Bergarako Udalak, ohar baten bidez adierazi duenez, 2025eko Gizarte Premiaren Antzematea eta Suteen Prebentzio Programa amaitu berri du, eta jakinarazi du 640 etxebizitza dabiltzala artatzen guztira, gaur-gaurkoz; horietatik laurogei, gainera, programan aurten sartutakoak dira. Bisitak egiten dituzte etxebizitza horietara, eta, egoera aztertzeaz gain, banakako elkarrizketak ere egiten dituzte "zaurgarritasun egoerak, bakardadea edota gizarte laguntzari behar duten identifikatzea" helburu izanik. Horrez gain, jakinarazi du 81 su-detektagailu jarri dituztela aurten, eta 704 direla guztira martxan daudenak.
2014tik martxan dagoen programa da, hain zuzen ere, amaitu berri dena, "adineko herritarren ongizatea eta etxeko segurtasuna hobetzea" xede duena. 80 urtetik gorako herritarrei dago zuzenduta, bakarrik bizi direnei, eta baita 80 urte izan baina 65 urtetik gorako beste pertsona batekin bizi direnei ere.
Elkarrizketetako datuak
Elkarrizketatan bildutako datuen arabera, Udalaren hitzetan, artatutako etxebizitzetako herritarren %74,21ek ez du "gizarte laguntza berezirik" behar, baina gainerakoek –%25,78– baliabide sozial bati buruzko informazioa eskatu dute, hala nola mendekotasun egoera aitortzea, telelaguntza zerbitzua eskatzea edo igogailu baten beharra izatea.
Bakardadeari ere erreparatu dio Udalak programan, eta ondorioztatu du bakardadea neurtzeko erabilitako eskalan (0tik 11ra bitartekoa) 63 etxebizitzatan sei puntutik gorako emaitzak jaso direla: "Hau da, artatutako etxebizitzen %9,8k bakardade zantzuak erakutsi dituzte. Datu hau gizarte zerbitzuek bereziki aztertuko dute, behar diren neurriak hartzeko". Hala ere, erantsi du "azpimarratzekoa" dela ez dela "tratu txarren egoerarik atzeman".