Atzerako kontaketa martxan Bergarako San Martin jaiek eztanda egin dezaten

Jokin Bereziartua Lizarazu 2025ko ira. 1a, 13:37

Helduen danborrada Bideberrin, iaz.

Irailaren 12tik 16ra ospatuko dituzte bergararrek San Martin jaiak. Helduen danborradarako entseguak bihar, irailak 2, hasiko dira, irailaren 16ko sokamuturra udaletxetik ikusteko izen-ematea zabalik dago eta Xaxauk argitaratu du egitaraua. Egitarau ofizialaren berri eguenean, irailak 4, emango dute. 

Irailaren 4rako prentsaurrekoa deitu dute udaletxean, aurtengo jaien egitarau ofiziala iragartzeko. Hala ere, oporren amaierarekin batera, igartzen da Bergaran San Martin jaiak badatozela. Feria irailaren 13an egingo dute, honako egitarau honekin: 

Sanmartinetako feriaren kartela. 

Xaxauk, esaterako, argitaratu du aurtengo egitaraua: 

Xaxauren egitaraua. 

Danborradarako entseguak bihar hasiko dituzte

Bestalde, San Martin jaietako ekintza parte hartzaileena izan ohi den helduen danborradarako entseguak bihar, hilak 2, hasiko dituzte. Udalak jakinarazi duenez, entsegu guztiak Seminarioko patioan egingo dira, haur eta helduentzako saio bereiziekin.
Haurren entseguak 19:00etan izango dira, honako egun hauetan:
 irailak 2, 3, 8, 9, 10 eta 11.
Helduen entseguak 20:00etan izango dira, eta egutegia honela banatuko da:
 irailak 2an danborrak bakarrik
; irailaren 3an, barrikak bakarrik
; eta irailaren 8an, 9an, 10an eta 11n, guztiok batera. Gogoratu dute parte-hartzaileek gerrikoa ekarri beharko dutela danborra lotzeko.

Sokamuturra udaletxetik ikustea 

Sanmartinetako beste klasikoetako bat sokamuturra izan ohi da. Aurten ere, udaletxetik ikusteko aukera emango du Udalak. Irailaren 16ean izango da, 09:00etatik 10:15era. Horretarako zozketa bat egingo dute izena eman dutenen artean irailaren 10an, 12:00etan, eta, ondoren, zozketako irabazleen izenak www.bergara.eus web orrian argitaratu beharko dira. Zerrenda horietako pertsona bakoitza beste lagun batekin etorri ahalko da. Izena eman daiteke hemen

Simon Arrieta pintura lehiaketak, 50 urte 

Gainera, azken mende erdian behintzat ez daude sanmartinak ulertzerik Simon Arrieta Pintura Lehiaketa barik. Aurten 50 urte beteko ditu ekimenak: Bergarako Udalak eta BEART Bergarako artisten elkarteak elkarlanean antolatu ohi dute Ageriko 50. Simon Arrieta Pintura Lehiaketa, irailaren 14an, domeka, ospatuko dena. Mende erdiko ibilbidea duen lehiaketa honek artea kalera ateratzeko eta Bergarako paisaia eta giroa sortzaile askoren begietatik irudikatzeko aukera ematen du. Lehiaketako oinarrien berri izateko, hemen klikatu. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak