Erakusketak aitzakia eskaintzen du partekatze-egoeran jartzeko, zintzotasun keinu baten modura: poltsa mahai gainean hustea. Aida Valdés eta Judith Pujol i Peinado artistek elkarrizketa gisa ulertzen dute aurkezten dutena, igorlerik eta hartzailerik gabe; bi aldeak dira elkarreragile, aldi berean igortzen eta jasotzen.
I <3 MALIBU lanean, jada ezagunak diren hainbat klixe agertzen dira: kurtsikeria, izengoiti maitekorrak, txoriak, loreak, ilea, tipografia, ornamentuak edo itsasoa. Guztiak maitasun-kantuen inguruko topikoak dira, eta hortik abiatuta praktika artistikoaren irudi eta formari heltzeko interesa erakusten dute. Helburua da klixe horiek —norberarenak zein besteenak— zalantzan jartzea, leku komun bat sortuz, nostalgia emozio, kolore edo oroitzapenen ehundurarekin uztartuz.
Judith Pujol i Peinado Bartzelonan jaio zen, baina Bilbon ikasi eta irakasle modura aritu ondoren berriro bere Bartzelonara itzuli da, praktika hezkuntzarekin lotuz. Aida Valdések, berriz, Asturiasetik ekarri du bere ikuspegia. Bi artistek masterrean elkar ezagutu zuten, eta konbokatoria baten bidez elkarlan artistikoa abiarazi zuten: "Emakumeen klitxeak izan ziren gure abiapuntua", azaldu du Pujolek, "eta maitasun kanta baten letra propio bihurtzearen ideia landu genuen".
Erakusketara hurbiltzen denak koloreak, marrazkiak, argazkiak, arropa edo testu zatiak topatuko ditu, guztiak emozioaren arrasto gisa espazioan artikulatuak. Pujolen hitzetan: "Nik pertsonalki gustora nagoen espazio bat bezala ikusten dut, gustuko dudan guztia biltzen den leku bat. Kanpotik datorrenak ere hori nabaritu dezake, tonuetan eta gauzak jartzeko moduan".
Aroztegi aretoa beraz, elkarrizketarako, zalantzarako eta emozio partekaturako espazio bihurtuko da irailaren 14ra arte.