Kantabriako Itzulia gazte mailakoendako proba da, eta han egongo dira Itxaso Askasibar eta Izar Ezkibel. Lehen etapa jokatuko dute hilaren 8an, eta 5,3 kilometroko krono igoera izango da, Ampueroko La Bien Aparecida monasteriora. Bigarren etapan, sei mendate igo beharko dituzte 54,4 kilometrotan; eta azkenekoa, 62,5 kilometrokoa izango da, lau mendaterekin.
Munduko Kopako proba
Kantabriako itzulia amaitu eta errekuperatzeko ia astirik gabe, Bizkaikoloreak lasterketa izango dute abuztuaren 14an eta 15ean. Igamo taldeak, Zatika taldearekin bat egingo du Bizkaikoloreaken parte hartzeko. Hala, Izar Ezkibeli eta Itxaso Askasibarri, Zatikako Olatz eta Eguzkiñe Romaratezabala ahizpak batuko zaizkie. Seikoa osatzeko, Tolosako Maier Olano eta Austriatik etorritako Alma Pagani izango dira taldean. Etapak, Abadiño eta Iurretan jokatuko dira, 70 kilometro eta 65 kilometroko ibilbideetan, hurrenez hurren.
Bizkaikoloreak Munduko Koparako puntuagarria da, eta irteeran, Europatik eta mundu osotik etorritako txirrindulari onenak bilduko dira. Frantzia, Belgika, Italia, Kazajistan, Ukrainia, Herbehereak, Erresuma Batua, Estatu Batuak, Kanada, Danimarka....