Une honetan, Bolzanon (Italia) dihardu Moñuxek, goi mailako biolinistekin bakarkako eskolan hartzen. Era berean, Mahler Chamber orkestrako kide da, ganbera musikako kontzertuak eskainiz. Horren harira, abuztuaren 7an Bolzanon bertan, Gardiner zuzendari ospetsuaren aginduetara parte hartuko du Bergarako musikari gazteak. "Oso-oso pozik nago aukera honengatik. Proiektua aspalditik ezagutzen nuen, ikaskideen, irakasleen eta sare sozialen bidez, baina batek ez daki zer espero, 42 plazetarako 950 inguruko eskaerak jaso baitzituzten. Aurten, Gustav Mahler Academy-n, maila oso altuko beste musikari gazte batzuekin lan egiteko aukeraz gain, oso gaztetatik miresten dudan Mahler Chamber Orchestra bezalako talde profesional batekin eta Sir John Eliot Gardiner zuzendariarekin kolaboratzeko aukera izaten ari gara", azaldu du.
Europan barrena
2026an, hilabetez, 1900 urte inguruko instrumentu originalekin Alban Berg eta Gustav Mahlerren musika interpretatuko dute Europan zehar egingo duten emanaldietan. Amsterdamgo, Bolzanonko, Hamburgoko, Parisko, Toblacheko eta Vienako auditorio handietan egingo dituzte kontzertuak. "2026rako kontzertu sortak beste erakargarritasun handi bat du musikari gazte batentzat, eta ilusio handiz hartzen dut hori ere".