Zelan sortu zitzaizun Dominikar Errepublikara joateko aukera?
Azken egunetako kontua izan da. Lleidara joan behar nuen IVEF ikastera, mendiko espezializazioa egitera, eta entrenamenduekin bateraezina zenez, erabakita neukan futbola uztea. Baina, azken orduan nire agenteak Fuerza Omeyanaren proposamena aurkeztu zidan, eta asko gustatu zitzaidan. Baldintza onak eskaintzen dizkidate, eta etorkizunera begira, oso lagungarri izan daitekeela uste dut. Hala, pausoa ematea erabaki dut.
Nolakoa da jokatuko duzun taldea?
Hango Lehenengo Mailan jokatzen duen taldea da. Ikusiko dugu nola joaten den denboraldia. Segituan joango naiz hara, eta bete-betean hasiko naiz denboraldiarekin. Ikusiko dugu nola duen urtea. Oraingoz, urtebeterako kontratua sinatu dut.
Bergarako taldekideen falta sumatuko duzu?
Zalantza barik bai. Futbolean ordu asko eman ditut, eta futboletik kanpo ere bai. Baina, bizitzaren legeetako bat da, aldika, erabakiak hartu behar direla. Munduaren beste aldean bizi izango naiz urtebetez, esperientzia berriak bizitzen, eta hango futbolaz aberasten.