Urte hauetako zer balorazio egiten duzu?
Balorazio ona. Ez nuke esango hamarkada zaila izan denik, baina, atzera begiratua eginez gero, gauza asko gertatu dira. Hauteskunde batzuk irabazita iritsi ginen, kluba egoera zailean zegoenean, bai ekonomikoki, bai kirol ikuspegitik eta baita arlo sozialetik ere. Horri buelta ematea zen helburua, eta uste dut lortu dugula. Pandemia bat ere bizi izan genuen, eta instalazioetan ere izugarrizko aldaketa gertatu da; gu sartzeaz batera Agorrosin berriaren proiektuarekin hasi ginen. Klubaren profesionalizazioaren bidean aurrerapausoak ematen dihardugu, eta Gipuzkoan erreferentziazko klub izatera iritsi garela uste dut.
Ekonomikoki zelan dago kluba?
Ondo; kontuak koadratzea lortu dugu, eta datorren urterako inoizko aurrekontu handiena aurkeztu dugu: 392.000 euro. Kluba profesionalizatzeak hori dakar, baita entrenatzaileak zaindu nahi izatea ere, edo, futbolaz harago, gizarte mailako bestelako proiektuetan sartuta egoteak. Gauza horietarako ezinbestekoa da inbertsioak egitea. Izan kontuan 50 entrenatzaile inguru izango ditugula, eta futbol eskolan beste 30 entrenatzaile. Kirol zuzendaria, harrobiko taldeen kudeatzailea, administrazio lanak egiten dituena, sare sozialak kudeatzen dituena... Geroago eta lagun gehiago ditugu lanean.
Eta kirol arloan?
Hamarkada emankorra izan da, hainbat motiborengatik. Gu iritsi eta bi urtera, gizonezkoen seniorrak Ohorezko Erregionalera igo ziren, Bergarak ez zeukan emakumezkoetan talderik, eta gazte mailako talde batekin hasi ginen lanean.
Aurten senior mailako nesken taldea Ohorezko Erregionalean dugu. Eta, horrekin batera, gazte mailako taldea hiru urte daramatza Maila Nazionalean. Gizonezkoen eta emakumezkoen taldeak Hirugarren Mailan ikustea nahiko genuke.
Zuzendaritza honek hamar urte daramatza lanean; lanerako gogoz jarraitzen duzue?
Bai; bereziki, gure artean familia moduko bat sortzea lortu dugulako. Urtean zehar izaten ditugu gure errietak, normala da, erabaki asko hartu behar direlako eta iritzi diferenteak izaten ditugulako, baina etxeko harremana dugu gure artean, eta hor dago gure indarra.
Ondoko herrian, Arrasaten, errelebo eske dabil Mondrako zuzendaritza, eta inor ez dago lan horiek hartzeko prest...
Esango nizuke Mondra taldearen egoera ez dela ezohikoa; Mondrak islatzen duen errealitatea gure bailarako klub askorena da, zoritxarrez. Alegia, gaur egungoek utziko balukete... Zorionez, gure egoera bestelakoa da. Baina beste gauza bat ere nabarmenduko nuke, eta da senior mailako taldeak osatzeko ditugun zailtasunak. Ez dakit beste klubak zelan ibiliko diren, baina guk badugu arazo hori. Jokalariek geroago eta azkarrago uzten dute futbola, ez dute konpromisorik nahi eta indibidualistago gara denak.
Urte hauetan lortutako gauzetatik zerekin zaude bereziki harro?
Klubak izan duen eraldaketarekin. Duela hamar urte gainbeheran zegoen Bergara BKE, ekonomikoki eta sozialki lagata zegoen klub bat zen gurea, eta egoera hari buelta eman diogu. Esango nuke Gipuzkoan erreferentziazko taldeetako bat bilakatu garela.
Zer geratzen zaizue egiteko?
Agorrosingo bigarren fasea amaitu nahi dugu. Egun, belar artifizialeko bi zelai ditugu, baina aldagelak eta harmailak berritu egin behar dira. Aldagelak duela 17 urte jarri ziren bi modulu aurrefabrikatu dira, eta harmailek 50 urte dituzte eta erabat zaharkituta daude. Udalarekin lanean jarraitzen dugu, urte amaiera aurretik lehen aurkeztutako proiektuan birmoldaketa bat egin behar dugu, lan horiek teknikoki eta ekonomikoki bideragarriak izan daitezen. Hori eginda, asmoa da datorren urtean Foru Aldundiak instalazioak berritzeko ematen dituen diru-laguntzetara aurkeztea.