Bergarako Udalak eta Gaztelupeko Hotsak-ek elkarlanean antolatu duten 25. Berumuga musika jaialdia borobilduko dute bihar, egubakoitza, 22:00etan hasita. Aurreko asteetan taularen gainean izan diren goi mailako musikarien zerrenda osatuko du "rock-and-roll klasikoaren maisutzat" ezagutzen den Al Dual –Alfonso Jose Martinez Martinez– Murtziako musikariak. "Garai bateko musika amerikarraren soinuak erreproduzitzeko bertute handia du; horren erakusle, rockabilly eszenako nazioarteko izen ospetsuenetako bat bihurtu dela, sari garrantzitsu asko eskuratuta. Gitarrista moldakor eta talentuduna da, eta, abeslari aparta izateaz gainera, bikain uztartzen du rock-and-rolla countryarekin, bluesarekin eta halako beste estilo batzuekin".
Boskote formatuan emango du biharko kontzertua Espoloian; orain arteko emanaldiak bezala, doan izango da, 22:00etan hasita.