Bergarako arte- eta kultura-zaleek izango dute herrian zer egin abuztuan ere; izan ere, Aroztegi aretoko ateak zabalik egongo dira udako hilabeteetan. Ordutegia urtean zeharreko berbera izango da: martitzenetik ostiralera, 18:00etatik 20:30era bitartean egongo da irekita; zapatuetan, eguerdian 12:00etatik 14:00etara eta arratsaldean 18:00etatik 20:30era egongo da irekita; eta azkenik, domeketan eta jaiegunetan, 12:00etatik 14:00etara irekiko dituzte Aroztegiko ateak.
Hiru erakusketa
Uda sasoian ateak ixteko joera izaten dute establezimenduek, baina hori ez da Aroztegi aretoaren kasua; izan ere, abuztu osoan hiru erakusketa ikusteko aukera egongo da. Aurrenekoa dagoeneko ikusgai dago, abuztuaren 3a arte: Maite Carrillo artista eskoriatzarraren Hausnarketak lana, hain justu. "Gai ahulenek" erakartzen dute Carrillo, eta haien aldeko aldarria egiten du tamaina handiko, ertaineko eta txikiko margolanen bidez. Hain zuzen ere, tamaina guztietako lanak jarri ditu Aroztegiko erakusketan; 30 baino gehiago, guztira, eta "kontzientzia sortzeko tresna moduan" erabiltzea da haren helburua. Bestetik, Gurutze Mujika artistaren margolanak egongo dira ikusgai abuztuaren 8tik 24ra bitartean. Aretxabaletarrak aurrenekoz jarriko ditu bere lanak Aroztegin, eta hogei obra inguru eramateko asmoa du: "Neurri handikoak batzuk eta txikikoak beste batzuk". Margolanetan "kolore asko" erabiltzen dituela dio, eta naturako elementuei erreferentzia egitea du gustuko, "natura inguruan" bizi delako. "Udazkeneko paisaiak eta elurra dagoen tokiak" margotzea ere bada haren zaletasuna, eta, oro har, hura egondako tokiak margotzen ditu. "Urduri" dagoela onartu du Mujikak, baina, era berean, "pozik" dago hark sortutakoak Aroztegi aretoan erakusteko aukera izateagatik. Bukatzeko, abuztuaren 29an, Aida Valdes eta Judith Pujol i Peinado artista katalanen erakusketa estreinatuko dute Aroztegin: I <3 Malibu. Erakusketa horren bitartez, "dagoeneko ezagunak diren hainbat klixe" ezagutaraztea da Valdesen eta Pujol i Peinadoren asmoa, hala nola kurtsi-izaera, izengoiti maitekorrak, txoriak, barruko arropa, loreak, ilea, tipografia, ornamentala, itsasoa edota maitasun abestiei lotutako topikoak. Proposatzen dutena da "klixe-sorta hori zalantzan jartzea oroitzapen baten nostalgia lantzeko toki amankomun bat sortuta".