Bergarako Udalak uda ondoren ekingo dio bidegorriaren laugarren faseari, eta negua iritsi aurretik bukatzea aurreikusten dute, udal ordezkariek ohar baten bidez adierazi dutenez. Altuna y Uria SA eta Asfaltos Urretxu SA enpresak arduratuko dira lan horiek egiteaz, eta 144.250,06 euroko aurrekontua zehaztu dute horretarako, BEZa barne. "Azken urteotan egindako inbertsioei esker, Bergarak gero eta herri irisgarriagoa eta jasangarriagoa izateko bidean aurrera egiten jarraitzen du. Bidegorri sarearen hedapenak herritarren bizi kalitatea hobetzen du, eta garraio ohitura osasungarriagoak sustatzen ditu".