Yune Nogueiras protagonista duen 'Gaua' filma, Sitgeseko zinema jaialdian

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko uzt. 16a, 15:31

'Gaua' filmeko une bat. Irudia: David Herraez.

Paul Urkijo zinemagilearen hirugarren film luzea da, "euskal mitologiaren gaueko munduan murgiltzea" helburu duena, "fantasia eta errealitate historikoa uztartzen dituen istorio batean".

Yune Nogueiras bergararra protagonista duen Gaua filma Sitgeseko Zinema Fantastikoaren 58.edizioko Sail Ofizialean estreinatuko dute, lehiaketaren barruan, urriaren 9tik 19ra bitartean, eta azaroaren 14an iritsiko da, azkenik, zinema-aretoetara. Elena Irureta, Ane Gabarain eta Iñake Irastorza dira, Nogueirasekin batera, pertsonaiak gorpuztuko dituzten aktore nagusiak, Euskal Herriko mendietan kokatuta, XVII. mendean: "Sorgin ehiza batean, Kattalin, senarrarengandik ihesi, bere baserritik aterako da gauaren erdian. Baso beltzean galduko da, eta atzetik segika duen presentzia bat sentituko da. Ihesaldian, hiru emakumerekin topo egingo du. Erreka ondoan, arropa garbitu bitartean, beldurrezko ipuinak eta herriko esamesak kontatzen dizkiote elkarri. Kattalinen harridurarako, bera izango da istorio horien protagonistetako bat".

Paul Urkijo gasteiztarraren zuzendaritzapean, Irusoin, Ikusgarri Films, Vilaüt Films eta Gaua AIE dira Gaua filmaren ekoizleak, eta Urkijoren hirugarren lan luzea da, Irati eta Errementari ekoiztu baitzituen aurrez, fantasia eta euskal mitologia uztartzen dituzten ikus-entzunezkoen adibidetzat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak