Joan den egubakoitzean hasi zen Berumuga Musika Zikloren 25. edizioa, Amparo Sanchezen kontzertuarekin, eta gaur, bigarren taldearen txanda izango da; hain zuzen ere, Galiziako Los Wavy Gravies taldeak kontzertua emango du, 22:00etan hasita, Espoloian.
Rock, garage eta surf estiloetako musika jotzen dute, eta, nahiz eta Los Hijos Bastardos de Peter Lorre eta Allnight Workersen taldeetako kide izan, bi anaiak 2014an Simesen (Galizian) sortutako taldea da. Rock-and-roll ospakizunak egiteko asmoa zuten, "kontzertu autentikoak" emanda, eta fratak, surf instrumentalak, garageak eta punkak ezinbestekoak dira haien musikan; diotenez, "ondo pasatzeko eta umorearen zentzuarekin". Hala, bi anaiei, besteak beste, Toxic Patrol eta Breakin taldeetako Ivan Koko Soutiño batu zitzaien, kontrabaxu.
Los Wavy Graviesek The Sonics, Bo Diddley eta Link Wray taldeen bertsioak jotzen ditu zuzenekoetan, baita kantu instrumentalak eta bokalak ere."Garage sendoko eta erritmo zoroko koktel basatia osatzen dute", diote antolatzaileek. Hiru Lan luze dituzte kaleratuta, eta azkena 2024an argitaratu zuten, No brain izenekoa. Lehendabizikoak, Kings of the underground, 2018an ikusi zuen argia, eta bigarrenak, Rufus is back in town-ek, 2020an.
Datozen asteetako kontzertuak
Gaurkoaz gain, beste bi kontzertu falta dira: batetik, datorren egubakoitzean, hilak 18, Itziar Yaguek emango du kontzertua. Madrilen bizi den euskal jatorriko abeslaria da, eta jazz eta blues klasikoa nahiz garaikidea uztartzen ditu, swing, ragtime eta vaudeville ukituekin. Uztailaren 25ean, berriz, Al Dual-en txanda izango da, eta 50eko eta 60ko hamarkadetako rock-and-roll soinu klasikoak berpiztuko ditu. Kontzertuak Espoloian izango dira, 22:00etan.
Usondo parkeko kontzertuak
Bihar, Usondo parkean, Iñar Sastre eta Jagoba Astiazaran musikariek Arineketan proiektua aurkeztuko dute, 22:00etan. Joan Ignazio Iztueta folklore-biltzailearen 250. urteurrena eta haren Guipuzcoaco dantza gogoangarrien condaira edo historia liburua hartu dituzte abiapuntu, eta sorkuntza propioa gehitu diote. Euria bada, Seminarixoan izango da.