Gazte gara gazte

June Arrondo: "Artearen barruan, margolaritzarekin dut lotura handiena"

Julen Murua Mesonero 2025ko uzt. 7a, 10:00

June Arrondo Agirre bergararra, hondartzan.

Margotzea, musika, joskintza... hainbat zaletasun ditu June Arrondo Agirrek (Bergara, 2007). Artearekin lotura handia duela dio, eta horrek bultzatu du Arte Ederren gradua ikasi nahi izatera. Gaur-gaurkoz, baina, udako oporrez gozatzen ari da.

Gogorra izan da selektibitatea?

Bai, oso gogorra izan da. Ikasturte oso batean landutako guztia denbora askoz motzagoan berriro ikastea oso gogorra da; batez ere, dagoen urduritasunaren ondorioz. Urte osoko lana jokoan jartzen da azterketa batean. Ez nuen nota alturik behar, baina horrek ez du kentzen momentuan sentitzen den presioa.

Arte Ederretatik bideratu nahi dituzu zure ikasketak; zergatik?

Betidanik izan dut harreman handia artearekin. Bigarren Hezkuntzan, banekien artearekin lotutako zerbait ikasi nahi nuela. Batxilergoan, ordea, zalantzak izan nituen. Aurreiritziak alde batera utzi nituen eta benetan gustatzen zaidana lehenetsi nuen.

Artearen zer diziplina duzu gustukoen eta zergatik?

Oraindik ez dakit zein diziplina dudan gustukoen, ez ditudalako guztiak landu, baina egia da margotzearekin dudala lotura handiena; izan ere, txikitatik pintura eskoletara joan naiz, eta egunerokotasunetik deskonektatzeko erabili dut.

Musika ere gustuko duzu; instrumenturik jotzen duzu?

Txikia nintzenean biolina jotzen nuen, baina ez zitzaidan askorik gustatzen, eta urte gutxira utzi egin nuen. Orain, gitarra jotzen dut, baina oso gutxi; etxean ikasi ditudan akorde pare bat besterik ez.

Dagoeneko baduzu datorren urteko kontzerturik begiz jota ala ez zara sartu sold out-aren olatuan?

Oraingoz ez, baina talde asko ikusteko gogoa dut. Adibidez, oso gustuko dut Ameriketako Estatu Batuetako The Neighbourhood taldea. Duela gutxi esan dute kontzertuak joko dituztela berriz, eta espero dut 2026an hemendik gertu izatea.

Baduzu ezkutuko beste zaletasunik?

Argazkilaritza eta jostea ere gustuko ditut. Kamera zaharrak asko gustatzen zaizkit. Josteari dagokionez, duela gutxi hasi nintzen ikasten etxean, eta Gabonetan josteko-makina bat oparitu zidaten. Ordutik, hainbat gauza egiten ikasi dut; ilerako gomak edo estutxeak, esaterako. Oihal zaharrak berrerabiltzeko ideia bikaina da.

Ikasketak bukatuta, merezitako oporrak izango dituzu; zer asmo duzu?

Deskantsatzeko denbora izateaz gain, baditut beste hainbat gauza buruan: uztail hasieran hamar eguneko praktikaldia egingo dut, begirale, Allon (Nafarroa). Handik bueltan, maleta prestatu eta Granadara joango naiz lagunekin; gero, Conilera joango naiz, familiarekin; eta amonaren herrian pasako ditut udako oporretako azkenengo egunak.

 

MOTZEAN

Bidaiatzeko toki bat? Andaluzia.

Furgoneta ala hotela? Furgoneta.

Pentekosteak ala sanmartinak? Pentekosteak.

Janari gustukoena? Entsalada.

Abesti bat? Rusowsky-ren Pink+pink.

Bergarako txoko bat? Kartzela zaharra.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak