Sanmartinetako helduen danborradarako izen-ematea ireki du Bergarako Udalak, horretarako baldintzen berri ematearekin batera. Haren hitzetan, taldearen izena, kide kopurua, danborra ala barrika joko duten eta zuzendariaren kontaktua aipatu behar dira, baina badaude aldeak izena ematerakoan: talde berriek mezu bat bidali beharko dute gazteria@bergara.eus helbidera; aurreko urteetan aritutakoek, berriz, Whatsapp taldeko galdetegi bat bete beharko dute.
Taldeen osaerari dagokionez, 20-30 lagunek osatu beharko dute, zuzendaria eta bandera eramaten duena aparte; horrez gain, parte-hartzaileek 18 urte izan behar dituzte gutxienez edo urte honetan bete beharko dituzte, eta talde bakoitzak bi bandera eraman ahal izango ditu gehienez. "Emakume eta gizon bana izatea da gomendagarria".
Entseguak, irailean
Irailaren 1ean izango da zuzendarien entsegu orokorra, Zabalotegi aretoan, 18:00etan, eta honako hauek, berriz, hurrengo egunetan: irailaren 2an, danbor-joleena; irailaren 3an, barrika-joleena; eta irailaren 8an, 9an, 10ean eta 11n, bateratua. Entsegu horiek guztiak, zuzendariena izan ezik, 20:00etan hasiko dira Seminarioko karpan.