UNED-Bergarak bihar, uztailaren 3an, irekiko du gradu eta masterretako ikasketa ofizialetako matrikulazio epea, irailean hasiko den arren 2025-2026 ikasturtea. "Unibertsitateko goi mailako hezkuntzara prezio publikoekin sarbidea izatea demokratizatzen duen alternatiba da, graduetan gutxieneko notarik eskatu gabe, bekak eta laguntzak bideratuz eta malgutasun osoz, norberak egokitzeko aukera izan dezan, bai ikasketa denbora, bai egin beharreko irakasgaiak, bere eskuragarritasunaren arabera".
Eskaintza akademiko "zabala" du UNED-Bergarak, "Europako Goi Mailako Hezkuntza Esparruko ikasketa ofizialen ezagutzaren arlo guztietan", azpimarratu dutenez. "30 gradu (gutxieneko notarik gabe), gradu konbinatuak, 75 master, 21 doktoretza programa, mikrograduak, eta abar". Are gehiago, erantsi dute Berezko ikastaroak eta etengabeko prestakuntzakoak ere eskaintzen dituztela trebakuntza profesionalean sakontzeko, eta baita 25 eta 45 urtetik gorakoentzako unibertsitatera sartzeko ikastaroa eta hizkuntzak ere; horiek ere matrikulatzeko aukera dute.
Informazio gehiago nahi izanez gero, 943 76 90 33 telefono zenbakira dei daiteke, edo mezu bat bidali info@uned.bergara.es helbide elektronikora.