Proiektua Bergarako Gaztelekuak eta Ndank Ndank elkarteak antolatzen dute, eta Bergarako Udalak babesa emango dio. Antolatzaileen arabera, ekimen hau ez da ohiko bidaia bat izango. Helburua, ikasketa prozesu oso baten parte izatea da. Izan ere, bidaia aurretik eta ondoren, parte hartzaileekin lanketa hezitzailea egingo da, kulturartekotasuna, migrazioak eta elkarrengandik ikastea bezalako gaiak jorratuz. Horrela, Bergaran hasitako bideari –eskolan landutako kulturartekotasun saioak, Miñan liburuaren irakurketa edota antzezlanen bidez egindako hausnarketak– jarraipena eman nahi zaio.