San Pedro eta San Martzial egunaren bueltako kontzertua jo du gaur eguerdian Bergarako musika bandak. Emanaldiaren aurretik kalejira egin dute alde zaharrean, eta ostean askotariko bost pieza jo dituzte. Gaurkoan baina, errepertorioak baino protagonismo handiagoa hartu dute musikariek; izan ere, Bergarako Musika Eskolan hazitako sei musikarirentzat herriko bandarekin jotako lehenengo kontzertua izan da: Gaizka Urzelairentzat, Ekain Irizarrentzat, Beñat Legorbururentzat, Aratz De Manuelesentzat, Uxue Vivasentzat eta Oihana Bolinagarentzat, hain justu. Hortaz, kontzertu berezia izan da gaurkoa musika bandako hainbat kiderentzat. Hurrengo kontzertua uztailaren 19an izango da, Antzuolan.