Bergarako bandaren kontzertua ekainaren 29an, sei musikariren debutarekin

Jokin Bereziartua Lizarazu 2025ko eka. 26a, 13:12

Debutatuko dutenak: Urzelai, Irizar, Legorburu, De Manueles, Vivas eta Bolinaga.

San Pedro eta San Martzial bueltako kontzertua izango da; kalejiraren ostean, Espoloian joko dute (12:30). 

Bergarako musika bandak San Pedro eta San Martzial egunaren bueltako kontzertua emango du domekan, ekainak 29, 12:30ean. Hasiera baten, Espoloiko zuhaitzen azpian joko dute, baina eguraldia okertzen bada udal pilotalekuan izango da kontzertua; lekua aldatzeko beharra baldin badago, sare sozialetan eta prentsan emango dute lekualdaketaren berri. Uda giroko kontzertuen aurretik ohikoa dutenez, kalejira egingo dute alde zaharrean.

"Askotariko" bost pieza

Kontzertuko egitaraua, bandako zuzendari Enrike Txurrukaren arabera, "askotarikoa" izango da: "Beti saiatzen gara ahalik eta kontzertu bariatuena egiten". Honako pieza hauek joko dituzte: Alfredo Gonzalez Chirlaqueren Entre azahares pasodoble erromantikoa; Miguel Gonzalez Bastidaren San Martzial, bergararrentzat horren kutuna den erromeriaren "deskribapen musikala"; Henry Purcell-en Songs and dances, Ingalaterrako doinu barrokoak; James Barnes-en Alvamar, gaur egungo obertura; eta, amaitzeko, Bizkaiko Zea Mays taldearen Negua joan da ta abesti ezagunaren moldaketa.

Sei musikariren debuta

Kontzertu berezia izango da domekakoa; izan ere, Bergarako Musika Eskolan hazitako sei musikari gaztek lehen aldiz joko dute bandarekin. Honako musikari hauek egingo dute debuta domekan: Gaizka Urzelai, Ekain Irizar, Beñat Legorburu, Aratz De Manueles, Uxue Vivas eta Oihana Bolinaga. Hurrengo kontzertua, urtero bezala, uztailaren 19an emango du bandak, Antzuolako jaien barruan. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak