Donostiako Egia auzoan beste sei artistarekin partekatzen duen estudiotik jaso du GOIENAren deia Jokin Oregi Sortwo-k (Bergara, 1988). Lanez lepo dabil nazioartean sona handia duen artista bergararra, eta pozik dago: "Egiako estudio honetan artista ospetsuekin ari naiz lanean, eta ohikoa da nazioarteko bildumazaleen bisita jasotzea, gure lanak ikus eta eros ditzaten. Izena hartu du estudioak Europan".
'Formato norte' taldea
Estudio horretan dago, era berean, betidanik kuadrillako lagun duen Mikel Larrañaga Remak: "Pandemia ostean etorri nintzen, duela lau bat urte. Estudioaren jabea Londreskoa da, eta espazioa bat libratu zenean erabaki nuen bertara jotzea; artista guztiak gara euskaldunak, Burgoskoa den bat izan ezik. Estudioko artista guztiak oso gazte hasi ginen grafitiekin, eta gaur egun denok bizi gara artetik. Oso lagunak gara eta horregatik erabaki nuen Donostiara etortzera bizitzera, egunero lagun ditudan artistekin margotzeko".
Jokin Oregi Sortwo: "Izena du estudioak Europan; bisitak izan ohi ditugu, bildumazaleenak"
Formato Norte izena hartu du Egiako estudio horretako artista taldeak: "Madrildarrek Los del norte deitzen digute, olioarekin modu klasikoan margotzen dugulako. Izan ere, estudioko artista batzuk erreferente dira diziplina horretan. Gure leloa da Batera bakarrik; hau da, elkarrekin margotzen dugu, baina bakoitzak bere galeria, bezero taldea edota managerra dauka".
Parisen galeria propioa
Parisko Urban Art Fair azoka ezagunean 17 koadro erakutsi zituen –horietako bat auto baten kapotean eta beste bat loreontzi baten, esaterako–, apirilaren 24tik 27ra. Galeria propioa izan zuen beste hainbat galeriaren artean: "Muraletan zentratu nahi dut eta ez dakit itzuliko naizen, baina esperientzia moduan oso aberasgarria izan zen. Modu bat izan zen nazioarteko artisten mapan neure burua kokatzeko, baina aitortu beharra daukat ez zaidala askorik gustatzen bisitariekin harremana izan beharra. Egin beharreko lana da, baina erosoago nago estudioan...".
Udarako hamaika plan
Udara begira hamaika plan ditu Oregik. Besteak beste, uztailean Txinako Shanghai hirian bost solairuko eraikin baten mural bat margotuko du, autismoa duten umeei zuzendutako proiektu baten barruan; eta abuztuan, oporraldia ere tartekatuz, Indonesian margotu nahiko luke. Irailean jaioterrian margotuko du mural bat, Bedelkarrentzat.