Udal pilotalekuan hasi zuten eguna, ikasleen emanaldi koloretsu eta parte-hartzailearekin. "Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta DBHko ikasleek abestu, dantza eta ikuskizun zoragarriak eskaini dituzte", adierazi dute Ikastolako ordezkariek. eta ikusleek txalo zaparradaz erantzun zieten. Arratsaldeko 19:00etan, Aranzadi Txarangak hartu zuen kalea eta festa giroa herrian barrena zabaldu zen. Musika eta dantza lagun, adin guztietako herritarrak animatu ziren erritmoari jarraitzera.
Afaria, plazan
Jaiak plazan jarraitu zuen, San Martin plazan egin zuten afaria, eta 650 lagun inguru bildu ziren mahaien bueltan. "Giro beroa eta atsegina sortu da, familia, langile eta ikasle ohien artean. Guraso Kontseiluak antolakuntza lanetan ardura handiz jardun du, eta parte-hartzaileek goraipatu zuten egindako lan ederra". Eguna borobiltzeko, Munibe plazara jo zuten, non Zatekeen taldearen erromeriak gauari amaiera alaia eman zion. "Dantza eta algara nagusi izan ziren gauerdira arte. Ostera, Aranzadiko komunitatearen indarra eta elkarlana nabarmendu ziren, eta jaiak ikastolaren nortasuna eta balioak ospatzeko aukera paregabea eskaini zuen", gaineratu dute.