Adimen artifizialaren eta euskararen gaiak izan zituzten hizpide eguaztenean Miguel Altuna LHII zentroan egindako topaketan. Bergarako Harixa euskara egitasmoaren baitan antolatutako topaketa izan zen, eta egitasmoko parte diren enpresetako hainbat langile batu ziren euskarak adimen artifizialari lotuta dituen aukeren eta erronken inguruan jarduteko.
Euskara eta adimen artifiziala
Hizkuntza teknologiak izan zituzten hizpide topaketan; izan ere, euskararen erabileraren gaineko aholkularitza zerbitzuak ematen dituen Emun kooperatibako aholkulariek gidatutako saioa izan zen. Besteak beste, euskarak teknologia berrietan duen presentziaren gainean hausnartu zuten, eta, Emuneko aholkulari Imanol Ugarteren arabera, guztiek adierazi zuten "euskarak egon egin behar duela adimen artifizialaren munduan". Hala ere, Ugartek ez du edozein modutan egotearen alde egiten: "Erabilera kontziente eta ideologizatua egitea beharrezkoa da; hori egin ezean, euskarazko sorkuntza lana etengabe gutxitzen joateko arriskua dago".
Hausnarketarako tartea ere izan zuten Harixa egitasmoaren barruan dauden eta topaketan egon ziren enpresetako kideek, eta, Ugarteren arabera, "garbi" ikusten zen "enpresa guztietan dagoela beharra halako teknologientzat. Enpresa handietan zein txikietan, nazioarte mailako merkatuan lan egin edo jatorri askotariko langileak kontratatu daitezke, esaterako. Horrek hizkuntza kudeatzeko beharra eskatzen du, eta guztiek ikusten dute adimen artifiziala tresna baliagarria izan daitekeela".
Adimen artifizialak hainbat aukera zabaltzen ditu, eta euskararentzat ere onuragarria izan daitekeela dio Ugartek: "Esaten dugu euskarak mundu honetan egon behar duela, horrek eragiten duelako euskara egotea gainerako hizkuntza handietatik ahalik eta gertuen. Adimen artifiziala ja erabili egiten da, eta euskara hor kokatzea beharrezkoa iruditzen zaigu".
Harixaren egoera
Bergarako 42 enpresa daude Harixa egitasmoaren barruan, Udaleko Euskara zerbitzuburu Ane Albisuk dioenez. Hark adierazi duenez, egitasmoaren betiko helburua izan da "enpresetara ondo heltzea eta sare bat sortzea". Horri ematen diote lehentasuna gaur egun, eta, "enpresa gehiagorengana iristea" pentsatzen ez badute ere, "interesdunak besoak zabalik" jasoko dituztela dio Albisuk.