Bergarako orkestra sinfonikoak ezohikoa duen kontzertua egingo du zapatu iluntzean. Pop, rock eta folk estilokoak diren kanta ezagunak joko ditu San Martin plazan, 19:00etan –ekaitz arriskua ikusiz gero, udal pilotalekuan izango da–.
Herritarrei erakustea xede
Orkestra herritarrei gerturatzea eta herritarrek orkestra ezagutzea du helburu kontzertu horrek. "Banda ezagunagoa egiten zaie herritarrei, baina orkestra ere badugu herrian, eta hori erakusteko helburuarekin hasi ginen duela hiruzpalau urte horrelako kontzertuak antolatzen. Kalean egin nahi izaten ditugu, eta orain arte ez dugu lortu; eguraldiagatik, barruan egin behar izan ditugu azkenean. Ea aurten zorte hobea dugun eta plazan egiterik dugun. Akus- tika ederra dago plazako txoko hartan, eta gerizpean egongo ginateke musikariak eta entzuleak", dio, esperantzarekin, zuzendariak, Enrike Txurrukak.
Kanta ezagunak
Herritarrak orkestra ezagutzera erakarri nahi horretan, helburu horrekin prestatu dute emanaldia, eta propio aukeratu dituzten piezak joko dituzte. Hain zuzen, Kiss, Ken 7, Neomak, Niko Etxart eta Latzen taldeen kantak entzungo dira, hainbat herritarren ahotsetan. "Rock edo pop estiloko piezak aukeratu ditugu, eta, denen gustukoak ez izan arren, ezagunak, behintzat, badirenak. Modu horretara entzulea eroso eta gustura egongo dela iruditzen zaigu, eta horrelako abestiak formatu sinfonikoan entzutea eskaini nahi diegu". Txurrukak berak moldatu ditu formatu sin- fonikora aukeratutako piezak. "Kiss taldearena, adibidez, bazegoela moldatuta ikusi nuen sare sozialetan, baina geurera ekarri dut eta geure ezaugarrietara egokitu".
Sei kide gazteren debuta
Guztira 65 lagun egongo dira orkestrak emango duen kontzertuan, eta horietatik sei berriak izango dira; euren lehen kontzertua izango da orkestrarekin. Musika eskolan ikasten ari diren 14-15 urteko gaztetxoak dira seiak, eta orkestran jotzen jarraituko dute debuta egin ostean.
Antzuolako kideak ere badira Bergarako orkestran, eta kontzertu bera eskainiko dute domekan, 19:00etan, hango Zurrategiko kioskoan. Hain zuzen ere, hori izango da orkestrak uda aurretik egingo duen azken emanaldia. Datorren ikasturteko entseguekin hasiko dira gero, eta lehen kontzertua udazkenean, azaroan, egingo dute.