Bergarako saskibaloi sailak antolatuta, gaur, egubakoitza, eta bihar, zapatua, ekainak 21, Saskibaloi Egunaren hirugarren edizioa ospatuko dute Bergarako Seminarixoko patioan. Ekitaldi horren baitan, bi hitzorduk bat egingo dute: batetik, udako hiruko txapelketaren hamazazpigarren edizioak; eta, bestetik, garagardo azokak.
74 talde parte hartzen
Hiruko txapelketak Bergaran historia handia izanda, hamazazpigarren edizioa izango da aurtengoa. Antolatzaileak gogoz daude saskibaloiaz gozatzeko. "Egitasmoa duela bi urtetik Gisaskik antolatutako zirkuitu barruan izango dela azpimarratzekoa da. Talde kopuruen inskripzioa itxi berri dugu. Iaz, 100 talde izan genituen; sekulako zenbakia da. Aurten, berriz, 74 talde ditugu; Bergarako talde asko, baita inguruko herrietatik datozenak ere. Egitasmo horren helburua saskibaloia bizirik dagoela esatea da, eta, bide batez, saskibaloia kalera ateratzea eta herriari gerturatzea", adierazi du Borja Elkoroberezibarrek, Bergarako saskibaloiko zuzendaritza taldeko kideak.
Garagardo azoka
Gaur, 19:30ean irekiko dute Seminarixoko patioko garagardo azoka, eta, askotariko garagardoak probatzeko aukera izateaz batera, 20:30ean kontzertuak izango dira: Nebar, Aizkora Records eta DJ Artze taldeena, hain zuzen ere. Food truck-a ere egongo da, mokadutxo bat hartzeko, eta 01:00etan izango da gunearen itxiera. Bihar, zapatua, berriz, 09:00etan emango diote hasiera benjamin, alebin eta infantil mailetakoek hiruko saskibaloi txapelketari. Seminarixoko patioan jokatuko dituzte partiduak, eta puzgarriak jarriko dituzte haurrentzat, egun osoan. Euria egiten badu, berriz, Labegaraietako kiroldegian izango dela txapelketa adierazi dute antolatzaileek. Arratsaldean, 16:00etan, berriz, kadete, junior, eta senior mailetakoak arkuko dira, baita senior misto kategoriakoak eta Gisaski zirkuituko mailakoak ere.
FIBA arautegia jarraituz
Gipuzkoako Saskibaloi Federazioaren laguntzarekin Gipuzkoako hainbat klubekin sortu den ekimen berria da Gisaski. Hainbat herritan jokatuko den hiruko saskibaloi txapelketetan puntuazio-ranking sistema izango da, eta aritzen diren taldeek puntuak batu ahal izango dituzte udako denboraldian zehar. "FIBAko saski ofizialekin jokatzeko aukera ematen du, eta horrek indarra ematen dio hiruko txapelketari", adierazi du Elkoroberezibarrek. Hori horrela, hiruko saskibaloi txapelketa FIBA arautegi ofizialeren arabera araututa egongo da, epaileak eta mahaiko laguntzaileak izango dira.
20:30ean, sari banaketa
Eguneko partidu guztiak amaitutakoan, 20:30ean egingo dute hiruko saskibaloi txapelketako sari banaketa ekitaldia, eta, maila guztietan aritutako saskibaloi jokalarien artean sariak banatu ostean, 23:00ak arte sukalde zerbitzua irekiko dute garagardo azokaren baitan, indarrak hartzeko. 21:00etan, berriz, zuzeneko musika egongo da, DJ Masterreka eta DJ Bastero musikarien eskutik, eta horrela emango diote amaiera aurtengo edizioari. 01:00etan izango da, berriz, itxiera.