Udalak elkarlana bultzatu du Bergarako enpresa elkarteekin, euren jarduera ekonomikoa indartzeko laguntzen bidez. Enpresare elkarteak, 2023an eta 2024an, urteko 30.000 euroko dirulaguntza jaso du, bertako enpresen arteko lankidetza sustatu eta lanpostu berriak sortzeko. Era berean, FCC-FEX (Fastening Competence Center) ekimenaren barruan, torlojugintzaren eta lotura teknologien sektorean Bergara "erreferente" bihurtzeko lanetan ari da. Horretarako, Udalak urteko 25.000 euroko ekarpena egin du bi urtez jarraian. Eta, azkenik, Bedelkar elkarteari, merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuak biziberritzeko helburuz, 15.000 euroko laguntza eman zaio.
Ekintzaileei laguntza
Ekintzaile berriei bidea errazteko aholkularitza eta laguntza ekonomikoak eskaini dira: 2023an, bederatzi enpresa berri aholkularitza prozesuan izan ziren Bergarako Garapen Zerbitzuan; 2024an, 16. Debagoieneko Garapen Agentziaren bidez, 2023an 15 ekintzaile artatu ziren, eta 2024an, 21.Bestalde, dirulaguntzen bidez, 2023an 12.700 euro inguru banatu ziren bost enpresaren artean; 2024an, 42.400 euro baino gehiago 14 enpresaren artean.
Herritarrentzako lan orientazioa eta lan eskaintza publikoak
Lan orientazio zerbitzuak ere hazkunde nabarmena izan du, Udaletik adierazi dutenez: 2023an, 183 pertsonak jaso zuten orientazioa; 2024an, 307k. Gainera, eguneroko informazioa eskaintzen zaie 183 erabiltzaile baino gehiagori. Bestalde, Udalaren bidez, Lanbideko programen laguntzaz, 2023an eta 2024an 7 lan kontratu sinatu dira urtero.
Bergararen garapen ekonomikorako "konpromiso sendoa"
Bergarako Udalaren helburua argia da: "Herriko enplegua eta jarduera ekonomikoa indartzea, talentua atxikitzea eta etorkizuneko proiektu berriak sustatzea. Enplegu sustapenerako ildo estrategiko hauek Bergararen lehiakortasuna eta bizi kalitatea hobetzen laguntzen dute, udalerri dinamiko eta ekintzaile baten alde eginez".