'Bergarako ikurrina' eta herriko bandera hizpide egubakoitz iluntzean

Oihana Elorza Gorostiza 2025ko eka. 19a, 13:53

San Martzialen 1905ean erakutsi zuten ikurrina (Argazkia: Lanbroa kultur elkartea).

Lanbroa kultur elkarteko kideek hitzaldia egingo dute bihar, egubakoitza, 18:30ean, Irizar jauregian. Horren gaineko argibideak eman ditu Lanbroako Andoni Larrañagak Goienako podcast gelan. 

Lanbroa elkarteak 1905ean datatu du, "ziur", San Martzial auzoan hainbat gizonezko ikurrina berezi baten ondoan dauden argazki historikoa. Argazki hori oinarri hartuta, horren aurrekariak, dituen elementuak eta herriko egungo banderaren gaineko hausnarketa azalduko dute Lanbroa kultur elkarteko kideek bihar iluntzeko hitzaldian: Bergarako ikurrina 1905 - Bergarako bandera 2025. Iragana, oraina... geroa? Irizar jauregian izango da, 18:30ean.

Bergarako ikurrina

Lanbroa elkarteko kide Andoni Larrañagak elkarteak Goienan duen podcastean azaldu duenez, "bi letra-multzo, bost izar beltz edo ilun eta gurutzea desplazatuta" duen Bergarako ikurrina izenez ezagutzen denaren ikerketaz jardungo dute hitzaldian, eta haren aurrekariak ere azalduko dituzte: "Ikusita noiz sortu zen, azalduko dugu orduan sortzen, moldatzen eta gaur ikur nazionaltzat ditugun Zazpiak bat armarria eta ikurrina, aurrekariak, baita Bergarako bandera ere, interpretazio okerrak izan ditzakeen elementuak ere badituelako". Larrañagak podcastean azaldu duenez, XX. mendeko lehen urteetan 2.000 abertzale inguru egongo ziren Euskadin, eta Bergaran talde bat agertzen da ikurrina propioarekin. "Horren aurrekariak XIX. mendeko bigarren erdian hasi ziren EAEn. Hainbat faktorek bat egin zuten garai hartan eta baldintza egokiak sortu ziren herritarren artean euskal kontzientzia orokortzeko: XIX. mendetik zetorren sentimendu propio bat –Iparragirrek 1850ean konposatu zuen Gernikako arbola kantua–; probintzia mailan zeuden administrazioek zuten sendotasuna eta buruek zuten euskal kontzientziazioa, lehen karlistaldiaren ostean diputazioek bultzatutako sustapen politikek izan zuten arrakasta probintzia babestuz, eta Espainiak bultzatutako nazionalizazioak porrot egin zuela gurean, adibidez". Horri mende laurdeneko aldaketa orokorrak gehituta, ordura arteko egoera aldatu egin zela dio Larrañagak: "Testuinguru horretan proposatu zuen Sabino Aranak euskal nazionalismoa".

Herriko bandera, ezbaian

Hitzaldiaren amaieran hausnarketa txiki bat proposatuko dutela aurreratu du Larrañagak, herriko egungo banderaren inguruan: "Entzuleek ikusten dutenean zeren gainean dagoen sortuta, hausnartu ahal izango dugu jarraitu gura dugun bandera horrekin edo ez".

Hitzaldiaren ostean afaria egingo dute herriko elkarte baten eta izena eman dezake joan nahi duenak: 610 289 748 edo elkarteko webgunean sartuta. Prezioa: 18 euro.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak