Furgoneta hartu eta Italiara bidea hasi du Mikel Linazisorok; izan ere, Campitello di Fassan jokatuko du bergararrak Europako Kopako proba. Europakoan jokatuko duen "bakarra" izango da, Munduko Kopan lehiatzeko prestakuntza-lanetan buru-belarri baitago Linazisoro.
Prestakuntzako proba
Italiakoaren ostean, Innsbruck-en (Austria), Chamonix-en (Frantzia) eta Madrilen (Espainia) jokatuko ditu bergararrak Munduko Kopako txapelketak, eta datozen asteetan izango dituen probetarako prestatzeko erabiliko du asteburu honetakoa: "Txapelketen erritmoan sartzeko garrantzitsua izango da Europako Kopa; izan ere, datozen bost asteburuetan lau txapelketa jokatuko ditut: Europako Kopa bat eta hiru Munduko Kopa. Asteburu honetako asmoa da neure burua probatzea, ikusteko zer-nolako maila emateko gai naizen une honetan. 70 eskalatzaile inguru egongo gara lehiatzen; finalera igarotzea eta lehenengo postuetatik gertu egotea oso ondo egongo litzateke".
Munduko Kopak begiz jota
Aurreko urteetan baino "dezente gehiago" entrenatu dela dio Linazisorok, eta, hortaz, Munduko Kopan orain arte lortutako emaitzak hobetzea espero du: "Finalerdietara iristea aurrerapauso handia izango litzateke. Lehenengo hogei sailkatuen artean egotea daukat buruan". Munduko kopetan lortutako emaitzen arabera jakingo du bergararrak irailean Seulen jokatuko den Munduko Txapelketara joateko aukera izango duen edo ez. Txartela lortzea "izugarria" litzatekeela dio Linazisorok.