Kartzela zaharra 25 urteurrena ari da ospatzen, ekainerako antolatu duen egitarau zabal batekin, eta domekan, Euskal Herriko Perutarren Kolektiboak antolatuta, Kunbia & Rocka Peruko diktaduraren aurka egitasmoa egingo dute, 12:30ean hasita. Perutarren Kolektiboak halako ekitaldiak egin izan ditu Euskal Herrian, baina hango kide Laura Iramategik adierazi du Debagoienera ekartzen saiatzen direla, kide gehienak Bilbon egon arren bailaran ere badaudelako kideak.
Besteak beste, Peruko krisi politikoaren berri eman eta hango egoera salatuko dute: "Une oro diktadura baten aurka ari gara borrokan. Funtsean, erakutsi nahi dugu zer gertatzen den. Pentsatzen dugu behin handik aterata ez dakigula zer gertatzen den. Hara itzultzeko aukera daukagunok ikusten dugu ez dagoela sozialki egoera onean. Delinkuentzia handia dago, ustelkeria, eta ez gaude lasai urrun egonda ere. Beharrezkoa da halako salaketak egitea".
Egoera salatzeko, kontzertuak
Horretarako, 17:00etan hasita, Peruko Olaya Sound System eta Euskal Herriko Ingot taldeek kontzertuak emango dituzte. Ez da kasualitatea bi talde horiek aukeratu izana. "Olaya Sound System oso aldarrikatzailea da Perun, eta jasaten dituzten egoeren aurkako mezuak zabaltzen dituzte. Egoera sozial, politiko edo dena delakoa. Ingot taldearekin elkartu nahi izan dugu, hango taldekide bat gure kolektiboan baitago. Ingotek hitz egiten du Peruko egoerari buruz, Euskal Herriko kulturaz harago", dio Iramategik. Kontzertuetarako sarrerak zortzi euro balio du eta egunean erosi daiteke.
Hala, aurrez, 12:30ean hasita, mahai-ingurua egingo dute, musika abiapuntu hartuz. Ingot taldeko Roberto Awanari, Olaya Sound Systemeko Lorenzo Zolezzi eta Euskal Herriko Perutarren Kolektiboko kide batek oholtzetatik egiten duten borrokaz hitz egingo dute.
Iramategik herritarrei dei egin die domekako ekimenean parte har dezaten: "Borrokan ari gara eta edozein eratan bat egiten dugu Euskal Herriaren borrokekin. Hori transmititu nahi dugu, eta, kasu honetan, erakutsi Ingot eta Olaya Sound System bateratuta daudela".
Beste zenbait ekintza
Bestalde, kartzela zaharraren 25. urteurrenaren barruan, gaur, 19:00etan, El libro negro del sionismo liburua aurkeztuko du Oier Perez egileak, eta bihar, auzolana egingo dute, 10:00etan hasita. Bazkaria ere egongo da, eta bazkalostean musika-saioa egingo du Ederrek. Hala, Onki Xin taldearen kontzertuaz gozatzeko aukera egongo da, doan, 22:00etan. Hilaren 20an, 22:00etan, Lora Sound-en txanda izango da, eta hilaren 22an, xake txapelketa egingo dute.