Bihar hasiko dituzte domekara bitartean ospatuko dituzten San Antonio auzoko jaiak. Bihar, eguean, 18:00etan lore-arkua jarriko dute ermitan, eta ostean, kanpai-iraulketa eta txupinazoa botako dute. Egubakoitzean, 11:00etan meza emango dute karpan eta ondoren, San Joxepe koralak kantu herrikoien emanaldia eskainiko du. Goizeko ekintzak luntxarekin amaituko dira. Hala, 19:30ean, Amustei talde bergararrak girotuko du iluntze partea eguna borobiltzeko.
Zapatu arratsaldean, azken urteetan hutsik egiten ez duten bi ekintzez gozatzeko aukera egongo da. Batetik, 16:30ean hasita, poniak eta buruhandiak ibiliko dira. Haurrentzako jolasak ere prestatu dituzte. Ohiturari jarraituz, sardina-jana egingo dute 18:30ean, eta barran kontsumitzeagatik sardinentzako tiketa emango dute. Eguna amaitzeko herriko Good Vibes taldeak kontzertua emango du, eta ostean, DJ musika jarriko dute. Good Vibeseko abeslari eta musikari Naroa Inzak adierazi du publiko guztiendako abestiak joko dituztela: "70, 80 eta 90eko hamarkadetako taldeen bertsioak eta gaur arteko estilo ezberdinetakoak jotzen ditugu". 20 abesti inguru prestatu dituzte kontzerturako, eta zehaztu du taldearen izenak dioen modura, "sentsazio onak" transmititzen dituzten kantuak jotzen dituztela, "jendea animatzeko eta ondo pasatzeko" helburuarekin.
Domekan amaituko dira jaiak eta 11:00etan hasiko dute goiza Txistulari bandaren eta Erraldoien dianarekin. 12:30ean Bergarako Txistulari Bandaren kontzertua izango da. Auzoko bazkaria egingo dute 15:00etan, baina dagoeneko izen-ematea itxita dago.