Denboraldi berrira begira bultzada galanta hartu du Tolosaldeak, asteburuan Bermeoko uretan lortutako Euskadiko Txapelketa irabazi dute-eta. "Ez zegoen itsaso txarra, bagenekien kale batetik bestera ez zela alderik egongo, eta gure aukeretan sinisten genuen. Gauzak, baina, ondo egin behar genituen", adierazi dio GOIENAri Agirrezabalek.
Eta lanak halaxe egin zituzten Tolosaldeakeko ordezkariek, ondo, saio ikusgarria izan zelako. Estropada hasi eta berehala ordura arteko txapeldunak aurreratu ziren, baina alde txikiagatik, eta Nerea Perezek zuzentzen duen Tolosaldeak segituan erreakzionatu zuen, Arraun Lagunaki aurrea hartuz. Hala, tolosarrek bi segundotako aldea zeukaten ziabogara iritsi aurretik, eta itzuliko bidean segundo bateko aldea baino ez zen egon tolosarren alde. Infartuzko azken metroetan Tolosaldeak 78 ehunenetako aldeaz irabazi zuen estropada, eta txapelketa irabazi. "Oso pozik gaude. Bueltako zuzenean nire parean nituen Arraun Lagunakekoak, eta ez genuen bururik galdu, arraunketari eutsi genion, garaipenera arte. Egia esan, halako garaipen bat behar genuen aurtengo denboraldia behar den moduan hasteko. Gogotsu gaude".