Dimekan jaio, baina oso txikia zinela Jinkara joan beharra izan zenuen, ezta?
3 urte nituela, ama gaixorik jarri zen. Gure herrian ez zegoen ospitalerik, eta, han zegoenez, hara joan ginen arreba, ama eta hirurok. Azkenean, malariak jota hil zen. Bestalde, familia zati bat han bizi zen.
Umezurtz geratu zinen unea nola gogoratzen duzu?
Ez dut gogoratzen. Arrebak 2018an kontatu zidan. Etiopian gurasorik ez badaukazu, zure kontura bizi behar duzu. Ni urte askoan kalean bizi izan nintzen: kamioi azpian edo denden aurrean lotan, besteak beste. 7 urtetik 15 urtera esango nuke; aita ezagutu arte. Ez neukan aukerarik arrebari galdetzeko, baina betidanik izan dut buruan zergatik ez dudan gurasorik izan.
Esan didazunean familia Jinkan bizi zela, uste nuen familiarengana joango zinela; arrebaren etxera ere ez?
Ez; ezkonduta zegoen. Ezin diezu janaria eskatu, dutxatu haien etxean... Senarrak aurpegia aldatzen zuen eta haserretu egiten zen. Familiarekin harremana daukazu, ondo bizi bazara; adibidez, lana badaukazu. Ez zait gustatzen pobre deitzea. Inor ez da pobrea. Gurasoak eduki izan banitu, ez nukeen halakorik pasako.
"Etiopian gurasorik ez badaukazu, zeure kontura bizi behar duzu"
Nola egiten zenuen bizimodua aurrera ateratzeko?
Ni bizi nintzen lurraldea oso famatua da kultura aldetik, eta jende asko joaten da turismoa egitera. Orduan, turistei nire bizitzako azalpenak ematen nizkien, ahal nuen eran. Uste dut inori ez zaiola gustatzen kalean bizitzea, ez ikastea... Beti saiatzen nintzen turisten atzetik joan eta laguntza eskatzen.
Aita horrela ezagutu zenuen?
Bai. Jinkan egin nuen topo oraingo aitarekin, Iñigo Barrusorekin. Gaur egun, oraindik, ez dut sinesten. Talde batekin etorri zen tribuak ikustera, baina arratsaldean kalera atera zen, oinez, bakarrik. Nire lagun bat eta biok haren atzetik joan ginen, aurkeztu egin ginen eta gidari lanak egin genizkion. Merkatu handi bateraino heldu ginen, eta dena erakutsitakoan esan zidan zer nahiago nuen, dirua edo liburu bat erostea. Egia da diruaren beharra nuela, baina, turista bati dirua eskatuz gero, etorkizunerako txarra da. Dirua eman eta zurekin ahazten da. Liburua erosteko eskatu nion. Hiztegia erosi zidan, hizkuntza ikasi nahi nuela esan niolako.
Baina egun batean bizitza goitik behera aldatu zitzaizun.
Aitaren laguntzarekin gela bat alokatu nuen. Behar nuen guztian lagundu zidan. Bisitan etorri zen batean, Etiopiari buelta eman genion, eta amaieran esan zidan nire herrian bizitzen jarraitu nahi nuen edo Addis Abeban, hiriburuan. Hara joan nintzen. Nire bizitza aldatzen hasi zen; ikasten hasi nintzen.
Zer-nolako esperientzia da 15 urterekin ikasten hastea?
Oso gaizki pasatu nuen. Ez nekien idazten, ezta irakurtzen ere. Mundua nire kontra etorri zen. Aitari esan nion saiatuko nintzela, baina ez nengoela ziur. Irakasle bati esker egin nuen aurrera.
"Beti behar duzu norbait; dirua ez da garrantzitsua, baina zure ingurua bai"
Bergarara 2018an etorri zinela esan didazu.
Bi urtera-edo aita Etiopiara etorri zen. Galdetu zidan ea haren familia ezagutu nahi nuen. Euskal Herrian bizi zela esan zidan. Hiru hilabeterako proba modura joan nintzen. Europa Etiopiaren antzerakoa izango zela uste nuen. Zuhaitzik gabe, aldapa barik.
Zer moduz joan zen hiru hilabeteko proba hura?
Familia guztia nire zain zegoen, Ongietorri/Welcome pankartekin. Haiekin komunikatu nahi nuen, baina ezin nuen. Barre bakarrik egiten genuen. Gogoratzen naiz esaten zidatela ondo pasatuko nuela eta euskaraz ikasiko nuela. Eta ikasi dut. Itzuli egin nintzen Etiopiara, baina paperak egiten hasi zen aita, eta hemen nago.
Kuadrilla topatzea erraza izan da?
Bai, nire lehengusuen kuadrillan sartu bainaiz. Ez dut arrazakeriarik jasan. Agian, pike txikiak, baina halako kontuei ez diet kasurik egiten. Badakit nondik natorren, nor naizen eta zer egin nahi dudan. Ez dute nahita egiten, ez dakite zure atzean zer dagoen. Jakiten dutenean, kariñoa hartzen dizute.
Aitarekin harremana nolakoa da?
Oso estua. Ahal dudanean laguntzen diot. Gurasoak zaindu egin behar dira. Beti behar duzu norbait. Dirua ez da garrantzitsua, baina zure ingurua bai. Hori nabaritu dut bizitzan. Bizi nintzen diru barik. Orain lan egiten dut, dena daukat. Niretzat garrantzitsuena nire aita da.
"Ikasitako lehendabiziko kanpoko hizkuntza euskara dela esaten dut"
Euskaraz egin du elkarrizketa osoa Asmamaw Barrusok, eta haren hizkeran antzematen dira bergarar ñabardurak. Adierazi du Bergarara etorri zenean euskaltegian eman zuela izena: "Bi hizkuntza batera ikasi behar nituen, biak behar bainituen. Hala, i eta e hizkiekin gaizki pasatzen nuen, gure alfabetoa ingelesaren modukoa baita". Euskara hobetzeko barnetegian ere pasa zuen hilabete, eta baliagarria egin zitzaion egonaldia, ikusi zuelako "hainbat helduk ere" ez zekitela euskaraz: "Gazteena nintzen".
Erdaraz hitz egitea kostatu egiten zaio, eta, dioenez, kulturalki, jendeak ez du ulertzen zergatik ez dakien gaztelaniaz, eta zergatik egiten duen euskaraz: "Tabernan beti euskaraz eskatzen dut, betidanik. Zerbitzariek esaten didate zergatik ez dudan erdaraz egiten. Nik ikasi nuen lehendabiziko kanpoko hizkuntza euskara dela esaten diet".