Josetxo Muniategiandikoetxea: "Barkamena eskatu izan dut haserretu ostean"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2025ko eka. 6a, 09:29

Muniategiandikoetxea azalpenak ematen, ohikoa izan duen intentsitatearekin.

22 urte eskas zituela eta oraindik jokalari ere bazela, 1987an, hasi zen entrenatzaile Bergara Kirol Elkarteko eskubaloi sailean Josetxo Muniategiandikoetxea (Bergara, 1965). 38 urte pasatu dira ordutik hona, etenik barik eskubaloi talderen bat gidatzen, baina aurten erabaki du heldu dela erretiroa hartzeko ordua. Ekainaren 14an jasoko du merezitako aitortza.

Nola gogoratzen dituzu entrenatzaile egindako lehen urteak?

Seminarioan entrenatzen ginen lehen urte haietan, aterpe barik eta baldintza oso eskasetan. Entrenamenduak oso oinarrizkoak izaten ziren orduan, arlo fisikoa lantzera bideratzen genuen denbora gehien. Ez nago ziur 1987an edo 1988an sartu ginen kiroldegian, baina aldaketa handia izan zen. Pixkanaka hasi ginen arlo teknikoa lantzen, eskubaloi modernoago baterantz-edo bidea egiten.

22 urterekin hasi zinen entrenatzaile, oso gazte; zergatik?

Entrenatzaile barik geratu ginelako. Jokalari nintzenean ez nintzen trebea erasoan, baina defentsako lanean agintzea gustatzen zitzaidan, modu naturalean irteten zitzaidan lider sena. Denboraldi batean edo bitan entrenatzaile eta jokalari aritu nintzen eta, handik aurrera, entrenatzaile bakarrik.

Zein izan da lorpen handiena? Zerekin zaude bereziki harro?

Momentu asko bizi izan ditugu harro egoteko modukoak. Emaitzei dagokienez, lehen oroitzapena 1993koa da, garai hartako Bigarren Nazional Mailara igo ginenekoa. Jauzi handia izan zen hura, gaur egungo ia Lehen Nazional Maila modukoa zelako. Lagun talde bat ginen, eta urte gutxian lortu genuen jokoa garatzea; horregatik, oso modu berezian gogoratzen dut igoera hura. Handik aurrera, gure istorioa gorabehera handikoa izan da; hein handi batean, belaunaldien araberakoa. Hiru edo lau belaunaldi gogoratzen ditut oso onak izan zirenak, eta haiekin izan dira lorpen aipagarrienak. Izan ere, Bergaran ez dugu izan estralurtarra izan den jokalaririk, eta nire erronka izan da oso trebeak ez diren jokalariekin ahalik eta emaitzarik onenak lortzea. Emaitzez harago, baina, egin ditudan harremanekin eta talde barruko giroarekin geratzen naiz. Eskubaloiak lagun asko eman dizkit.

Pasio handiz ikusi izan zaitugu partiduak gidatzen; pasioa da eskatu daitekeen gutxienekoa?

Erraietatik bizi dut eskubaloia, eta hori igarri izan zait partiduetan. Urteetan aurrera egin ahala lasaitzen joan naizela esango nuke, saiatu naizela aginduak modu kontrolatuagoan-edo transmititzen, baina azken urteetan ere tarteka irten izan zait malaletxea. Haserretu izan naiz, baina, ostean, barkamena eskatu izan dut, arazo barik.

Nola dago gaur egun Bergarako eskubaloi saila osasun aldetik?

Gero eta zailagoa da neska-mutikoak erakartzea. Ume kopurua oso bizkor egiten ari da behera, eta horrek arazo handiak sortuko ditu etorkizunean kirol guztietan, oro har. Eskaintza garai batekoa baino askoz zabalagoa da, gainera. Eskubaloiari dagokionez, nesken kopurua mantendu egin dugu azken urteetan, baina mutiletan asko ari zaigu kostatzen. Etorkizun oso zaila ikusten diot, egia esateko.

Eskubaloitik eta lanetik, bietatik erretiratuko zara; ze plan?

Txipa aldatzen hasita nago dagoeneko. Niretzat denbora hartuko dut, lasai bizitzeko. Eskubaloiarekin lotura zuzena eten egingo dut, baina, zeharka, laguntzeko gertu egongo naiz, hala behar banaute. Ama zaintzea tokatuko zait, bidaiatzeko gogoa ere badaukat... Ordutegi eta astebururoko partidu barik bizi nahi dut. Desintoxikazio fase batean nagoela esan daiteke; azken denboraldi honetan, adibidez, nire taldearena ez zen beste partidurik apenas ikusi dut. Denboraldi honetan pauso bat atzera eman gura nuen, eta lortu dut. Orain, behin betiko bigarren pausorako gertu nago.

Ia 40 urteotan egindako lanetik zerekin geratzen zara, bereziki?

Eskubaloiaren bueltan egin ditudan lagunak eta haiengan utzi dudan arrastoa izan da nire ibilbideko lorpen handiena. Eskerrik asko bidelagun izan zaituztedan guztioi.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak