Ekainaren 11tik irailaren 7ra arte irekita egongo dira Agorrosingo igerilekuak. Egunero 10:00etatik 20:30era egongo dira erabilgarri. Sarreren prezioei dagokienez, ohiko tarifak mantendu dira, eta arratsaldez bakarrik joaten direnentzat deskontuak eskainiko dituzte. Hona hemen prezioak:
Egun osoko sarrera:
- Helduak: 7,80 euro
- 18 urtetik beherakoak: 4,25 euro
Arratsaldeko sarrera (16:00etatik aurrera):
- Helduak: 5,15 euro
- 18 urtetik beherakoak: 2,80 euro
Labegaraietako ur parkea
Labegaraietako ur txorrotek ere antzeko ordutegia izango dute, eta irailak 7ra arte zabalik izateko aurreikuspena dute udal ordezkariek, baina, garai horretan eguraldi ona egonez gero, epea luzatzeko aukera aztertuko dute.
Udako ikastaroei dagokienez, talde berriak ireki dira haur, gazte eta helduen eskaintzan. Ikastaroak ekainaren 24ean hasiko dira eta lau astez luzatuko dira. Kontsultak zein izen emateak Agorrosingo kiroldegian egin beharko dira. "Uda garaian ere, Bergarako herritarrei aisialdirako aukera erakargarriak eskaintzea da gure helburua. Proposamen hauek norabide horretan egiten dugun ahaleginaren adibide dira", adierazi du Olatz Manuel Ezenarro zinegotziak.