Urteroko ohitura jarraituz, 87 urte bete dituztenak omendu dituzte San Joxepe elkartekoek. Goizean meza izan dute Santa Marina parrokian, eta hortik talde argazkia ateratzera joan dira. Gero, familiako kideekin batera eta herriko trikitilari eta pandero-jotzaileez lagunduta, elkartera joan dira omenduak. 100 lagunen bueltan elkartu dira han, eta San Joxepeko zuzendaritzakoen eskutik oroigarri bana jaso dute.
Udaletik "eskerrak"
Bergarako alkate Gorka Artolak hartu du hitza elkartean, eta San Joxepeko zuzendaritzako kideei "eskerrak" eman dizkie "halako omenaldi bat antolatzeagatik". Gainera, omenduak zoriondu gura izan ditu "horren zoriontsu izaten jarraitzeagatik".